Isidoro Fagoaga ezagutzera emateko “Bada tenorea!” ekintza-programa zabala antolatu da Beran

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 7a, 07:31
Isidoro Fagoagaren omenezko ekintzak antolatu dituztenak, udal ordezkariarekin eta tenorearen bilobarekin.

Konpromiso politikoak eraginda, Gernikako bonbardaketaren ondorioz utzi zion betiko kantatzeari

Heldu den apirilaren 26an 80 urte beteko dira Gernika bonbardatu zutenetik. Data horrek berebiziko garrantzia izan zuen Isidoro Fagoaga  Larratxe beratarrengan. Sizilian (Italian) kantuan ari zela, bonbardaketaren berri izan zuen, eta betirako kantua utziko zuela erabaki zuen. Gerora, Pedro Garat, el orfeo de Francia bere lehenbiziko liburuan eman zituen erabaki horren azalpenak: «Espainiako Gerrak nire herrikideekiko dolua eta zoria partekatzera eraman ninduen. Egoera hartan ez nuen bertze biderik, kantua betirako uztea baino, kontrakoa etsaiarekin hitzarmena egitea litzatekeelako». Urtemuga hori aitzakia hartuta, Isidoro Fagoagaren bizitza eta ibilbide artistikoa ezagutzera emateko hainbat ekitaldi antolatu ditu Isidororen Lagunak deituriko herritar talde batek, Berako Udalarekin lankidetzan. 

 

Antolatzaileek, Eibarko Germán Ereñaren laguntza eta aholkularitza ere izan dute. Txistularia da Ereña, musikazale handia eta Isidoro Fagoagaren bizitza eta obra aunitzikertu duena urteetan zehar.

 

Ezohiko artista

Ezohiko artista izan zen Isidoro Fagoaga. 1893an Berako Agramontea etxean sortua, 14 urte zituela Argentinara joan zen, han bizi zen osaba batek bidalitako txartelarekin. Buenos Airesen lanean zegoen bitartean kantua ikasten hasi zen. 19 urterekin, Argentina utzi, eta Italiara joan zen, Milanen eta Parman kantua ikastera. I. Mundu Gerraren ondorioz, kontserbatorioa itxi, eta Berara itzuli behar izan zuen. Nafarroako Diputazioaren beka bati esker, Madrilera joan zen ikasketak bukatzera. 1919an egin zuen debuta hiri hartan bertan, Sansón y Dalila lanarekin. Urte bat beranduago, Jesus Guridiren Amaya estreinatu zuen Bilbon, eta Espainian eta Portugalen La Walkirya eta Parsifal lanekin bira bana eman zuen.

Ospea eta ohorea, batez ere, 1925. urtetik aitzinera etorri zitzaizkion. Espainia eta Portugalgo antzokietan ez ezik, Argentina, Ameriketako Estatu Batuak, Alemania, eta batez ere, Italiako antzokietan aritu zen. Milango La Sacalako tenor handienetakoa izan zen bi mundu gerren arteko garaian. Richard Wagnerren operak italieraz kantatzen egin zen ospetsu, batez ere.

1937an, Gernikako bonbardaketaren ondotik, kantua betirako utzi zuen (gerora itzultzeko eskaintzak izan bazituen ere, horiei uko egin zien), eta Donibane Lohizunen erbesteratu zen. 1940an atxilotu zuten eta hilabetez, hagitz baldintza txarretan, Gurseko (Bearnoko) kontzentrazio-esparruan sartu zuten, Euskal Herriko bertze errefuxiatu aunitzekin batera.

Handik aterata, literaturan jardun zen, nagusiki. Euskal pentsamenduaren eta Euskal Herriaren baloreen erreferentea izan zen Cuadernos Gernika aldizkari humanistaren berrantolaketan, sustapenean eta argitalpenean parte hartu zuen.

1951n Buenos Airesera erbesteratu zen, eta bertan argitaratu zuen bere lehenbiziko liburua, Pedro Garat, el Orfeo de Francia.

Idazten aritu zen, nagusiki, hurrengo urteetan. Denetara sei liburu argitaratu zituen, eta hainbat artikulu idatzi zituen aldizkari eta egunkari ugaritan. Euskal Herrira itzuli zen 1964. urtean eta Donostian bizitzen paratu zen, inoiz ahaztu ez bazuen ere bere sorterria. 1976an Donostian hil zen.

 

Bada tenorea!

Hitz jokoa aukeratu dute antolatzaileek Isidoro Fagoaga gogora ekartzeko: Bada tenorea! Beran, tenorea garaia edo denbora adierazteko erabiltzen da, eta tenor ospetsua eta handia izan zela aldarrikatzearekin batera, ezezagutzatik atera eta bere ekarpena zabaltzeko tenorea dela aldarrikatu nahi dute, artistak merezi duen lekua bilatzeko asmoz.

Isidororen ibilbide pertsonal zein artistikoa biltzen duen erakusketa batekin emanen zaio hasiera programari. Apirilaren 21ean, arratsaldeko 6etan erakusketaren irekitze-ekitaldia eginen da, Berako kultur etxean. Isidorok hil aitzinetik kutxetan sartutako bere materialaren hainbat ale paratuko dira erakusgai, gehien-gehienak lehenbiziko aldiz: argazkiak, kontzertuetako kartelak, gutun pertsonalak (Oteizarekin, Barandiaranekin, Martin Ugalderekin…), postalak, operetan erabilitako jantziak eta osagarriak, liburuak…

Inaugurazio egunean berean, arratsaldeko 7:30ean, Karnaba otxoteak kontzertua emanen du kultur etxean. Karnaba otxotea Errenterian sortu zen 2009an, Eguzkilore kamera-abesbatzako hainbat kidek osatua. Euskal Herrian zein kanpoan (Katalunia, Frantzia, Espainia, Flandria, Belgika…) kontzertu ugari emandakoa da. Iaz, 2016an, Kanboko otxoteen sari berezia eta publikoaren sariak irabazi zituen.

Apirila eta maiatzean zehar bi hitzaldi eta mahai inguru bat antolatuko dira (ortziralez, 19:00etan, Beralandetan). Lehena, apirilaren 28an, German Ereña ikerlariak Isidoro Fagoaga eta Gernikako bonbardaketa izanen du hizpide. Bigarren hitzaldian, maiatzaren 19an, Hedoi Etxartek Wagner izanen du solasgai, Fagoagak gehien kantatu zuen artista. Maiatzaren 26an, berriz, Isidoro hurbiletik mahai-inguruan parte hartuko dute hura ezagutu zuten hainbat lagunek.

 

Omenaldia, maiatzaren 6an

Maiatzaren 6an, larunbatez, eguerdiko 12:30ean omenaldi-ekitaldia eginen da bere sortetxean, Illekuetako Agramontea etxearen atarian. Berako bandak eta Berako abesbatzak kontzertua emanen dute, eta Berako Udalak Isidoro Fagoagaren omenezko oroit-plaka paratuko du etxeko atarian.

Maiatzaren 30ean, asteartez, herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek Isidoro Fagoaga ezagutzeko Ginkana bat eginen dute herriko karriketan barna. Ez da hau izanen ikastetxeekin landuko den gai bakarra, erakusketa bisitatzeaz gain, erakusketarako propio marrazkiak ere prestatu baitituzte. Horrez gain, herriko ikasleei banatzeko, Isidoro Fagoagaren bizitza laburbiltzen duen komikia argitaratuko da, Joseba Larratxe komikigileak egina.

Udaberriko azken ekitaldia ekainaren 9an eginen da. Artistaren izena daraman Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako ikasleek Herriko Etxeko plazan, gaueko 22:00etan, antzerki-musikatua eskainiko dute, Fagoagaren ibilbidea musikaren bidez laburbilduz.

 

Kontzertuak udazkenean

Udazkenerako hainbat kontzertu eta emanaldi prestatzen ari dira, musikaren bidez Isidoro Fagoaga gogora ekartzeko asmoarekin. Hala, Javier Perez de Azpeitia pianista beratarrak Manuel Olano tenor errioxarrarekin kontzertua emanen du irailean; Errenteriako Andra Mari abesbatzaren kontzertua izanen da urrian, eta oraindik itxi gabeko bertze emanaldi batzuk aurreikusi ditu antolakuntzak. 

Urtemugako ekitaldiak epe ertainera zerbait iraunkorragoa sortzeko baliatu nahi dute antolatzaileek, eta familiarekin eta Udalarekin esku hartuta, Nafarroako Gobernuarekin ere harremanetan dira. Lehendabiziko zeregina izanen da Isidorok kutxetan sartu zuen bere material guztia (korrespondentzia, argazkiak, jantziak, kartelak, osagarriak…) inbentariatzea eta berreskuratzea, ondare hori balioan paratu eta zabaltzeko, Isidororen lanak Berako herrian toki iraunkor bat izanik.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun