Nafarroa Oinez 2017 Lesakan

Nafarroako Haur eta Gaztetxo kantari jaialdi arrakastatsua egin dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 27a, 07:25

Bi saiotan banatu zuten Lesakako jaialdia. Argazkian, lehenbiziko saioko kantari gehienak elkarrekin oholtzan.

163 abeslari, 23 musikari eta 500 ikus-entzule baino gehiago elkartu dira larunbat arratsaldean Harriondoa Kultur Etxean

Nafarroako haur eta gaztetxo kantari jaialdien hirugarren saioa egin dute larunbat arratsaldean Lesakako Harriondoa Kultur Etxean, Euskal Kantuzaleen Elkarteak antolatuta. Emanaldi bikoitza izan da, arrakastatsua eta gozatu ederra hartu dute bertan elkartu diren 163 abeslarik, 23 musikarik eta bi emanaldietan Txokobiko aretoa lepo bete duten 500 ikusentzule baino gehiagok. 

 

Euskal Kantuzaleen Elkartea Nafarroan euskaraz abesteko dagoen ohitura aberatsa mantentzea, bultzatzea eta gozatzea helburu dituen erakundea da eta xede horrekin antolatzen ditu Haur eta Gaztetxo kantari jaialdiak ere. Aurten 16 urte arteko 450-500 neska-mutikok parte hartuko dute, 27 ikastetxetakoak eta euskarazko 45 bat euskarazko kantu eskainiko dituzte. Urtero bezala, Nafarroa Oinez antolatzen duen herrian egiten da jaialdietako bat eta aurten, Lesakan urriaren 15ean antolatuko du Nafarroako ikastolen eta euskararen besta erraldoia Tantirumairu Ikastolak, ‘Bikin batin’ leloarekin.

Amaia Eneterreaga kazetariak aurkeztu ditu bi saioak. 18:00etako emanaldian, etxeko Tantirumairu Ikastolako taldeak ‘Aldapan gora’ (Huntza) kantatu du, Leitzako neskak taldeak ‘Noiz itzuliko zara’ (Hesian) eta ‘Euskararen txantxangorria’, Leitzako Xana eta Kattalin Retegi ahizpek ‘Zure doinua’ (LOR), Goizuetako eskolako taldeak ‘Amets bat’ (Alaitz eta Maider) eta ‘Agortu dira hitzak’ (Hesian), Arano herria taldeak ‘Gogoak’ (Esne beltza) eta Azpilkuetako Enara Arregi bakarlariak berak sortutako ‘Lamiak’.

19:00etako bigarren emanaldia ere Tantirumairu ikastolako taldearen ‘Aldapan gora’ (Huntza) kantuarekin hasi da, eta ondotik, Mendaur triki eskolako talde ezberdinek ‘Joxepa Joxepa’, ‘Putpourri (Pirritx eta Porrotx), ‘Herriko festak ziren’ eta ‘Oi kanta berri’, Sunbillako eskolako taldeak ‘Ahoa bizi belarriak prest’ (Pirritx eta Porrotx) eta ‘Herri Unibertsitatea’ (Huntza) eta Baztan Ikastolako taldeak ‘Euskararen txantxangorria’ kantatu dute.

Bi saioak borobiltzeko, kantari, musikariek eta ikus-entzuleek batera ‘Guk euskaraz’ kantatu dute.

Lesakako saioaren ondotik, Nafarroako Haur eta Gaztetxo kantu jaialdietako hurrengo saioak apirilaren 1ean Burlatan eta jaialdi nagusia Tafallako Kulturgunean apirilaren 29an izanen dira.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun