Euskal Kantuzaleen Elkartea Nafarroan euskaraz abesteko dagoen ohitura aberatsa mantentzea, bultzatzea eta gozatzea helburu dituen erakundea da eta xede horrekin antolatzen ditu Haur eta Gaztetxe kantari jaialdiak ere. Urtero bezala, Nafarroa Oinez antolatzen duen herrian egiten da jaialdietako bat eta aurten, Lesakan urriaren 15ean antolatuko du Nafarroako ikastolen eta euskararen besta erraldoia Tantirumairu Ikastolak, ‘Bikin batin’ leloarekin. Nolabait leloarekin bat egiteko (eta, bidenabarkoan, ikusleek Kultur Etxean lekua izan dezaten), jaialdi bakarra bi saiotan banatua eginen da, larunbatean 18:00etan eta 19:00etan.
Izan ere 150 abeslari espero dituzte Lesakan eta hortaz, bi emanaldi eginen dira. Sarrerak salgai daude Lesakako Tantirumairu ikastolan edo koordinazioa@oinez2017.ikastola.eus helbide elektronikoan 3 eurotan (8 urtetik beheitikoak doan, baina txartela beharko dute lekua gordetzeko).
18:00etako emanaldian, etxeko Tantirumairu Ikastolako taldeak ‘Aldapan gora’ (Huntza) kantatuko du, Leitzako neskak taldeak ‘Noiz itzuliko zara’ (Hesian) eta ‘Euskararen txantxangorria’ kantatuko dute, Leitzako Leire Erbitik ‘Zure doinua’, Goizuetako eskolako taldeak ‘Amets bat’ (Alaitz eta Maider) eta ‘Agortu dira hitzak’ (Hesian), Arano herria taldeak ‘Gogoak’ (Esne beltza) eta Azpilkuetako Enara Arregik berak sortutako ‘Lamiak’ kantatuko du.
19:00etako bigarren emanaldia ere Tantirumairu ikastolako taldearen ‘Aldapan gora’ (Huntza) kantuarekin hasiko da, eta ondotik, Mendaur triki eskolako talde ezberdinek ‘Joxepa Joxepa’, ‘Putpourri (Pirritx eta Porrotx), ‘Herriko festak ziren’ eta ‘Oi kanta berri’, Sunbillako eskolako taldeak ‘Ahoa bizi belarriak prest’ (Pirritx eta Porrotx) eta ‘Herri Unibertsitatea’ (Huntza) eta Baztan Ikastolako taldeak ‘Euskararen txantxangorria’.
Lesakako saioaren ondotik, apirilaren 1ean Burlatan eta jaialdi nagusia Tafallako Kulturgunean apirilaren 29an izanen dira.
Jaialdi hauetan Nafarroa osoko haur eta gaztetxo guztiek daukaten aukera da: bakarka, binaka edo taldeka abesteko aukera da; oholtzaren gainean igotzeko aukera; euskal kantak interpretatzeko aukera; Nafarroako beste herrietako haur eta gaztetxoak ezagutzeko aukera…