Matzada futbol zelai berrituaren inaugurazioan omenaldi hunkigarria eskaini diote Ane Bergarari

Ttipi-Ttapa 2017ko urt. 23a, 09:07
Ane Bergara, gaztetan Gure Txokoan lagun izan zituen taldekide eta entrenatzailearekin.

Gure Txokoako kamixeta eta gaztetan Berako taldean lagun izan zituen jokalari eta entrenatzailearen lore-xorta jaso zituen, bertzeak bertze

Berako Matzada futbol zelai berrituaren inaugurazio ofiziala egin dute urtarrilaren 21ean, larunbatean. Ekintza ezberdinen artean, FC Barcelona taldean ari den Ane Bergara Artieda futbolari beratarrari ere omenaldi hunkigarria eskaini diote.

 

Ekitaldiak larunbat goizeko 10:00etan abiatu ziren, Gure Txokoa, Beti Gazte, Baztan eta Doneztebeko talde ttikienen partidekin. Hauek bukatutakoan egin zuten inaugurazio ofiziala eta Ane Bergarari omenaldia beroa ere eskaini zioten. Inaugurazio ekitaldian izan ziren Rubén Goñi, Nafarroako Kirol eta Gaztediaren Institutuko zuzendaria, Gipuzkoa eta Nafarroako Futbol Federazioetako presidente diren Juan Luis Larrea eta Rafael del Amo, Josu Iratzoki Berako alkatea, Jaione Dozagarat Gure Txokoako lehendakaria eta bertze zenbait agintari.

Gure Txokoaren izenean Angel Pombarrek hartu zuen hitza, bera lehendakari zen bitartean eman baizitzaion bultzadarik handiena zelaiari. Josu Iratzoki alkateak ere solastu zuen. Ondotik, Ane Bergara omendua sartu zen zelaira, gero partida jokatu behar zuten Nafarroa eta Gipuzkoako 18 urtez beheitiko nesken futbol selekzioek, Gure Txokoako talde nagusiak eta garai batean, gaur egun FC Barcelona taldeko jokalariarekin Gure Txokoako emakumeen taldean aritu ziren jokalari eta entrenatzaileek egindako pasilloan barna.

Ane Bergararen bi lehengusuk, Paula Artiedak eta Mikel Morcillok, Mikel Esnaolarekin batera, aurreskua dantzatu zioten, eta hainbat opari jaso zituen. Gure Txokoako bi jokalari ttikik ‘Gure Txokoak bihotzez Ane Bergarari’ zioen taldeko kamixeta eman zioten eta Joxe Luis Altzugarai ‘Zikiro’, Gure Txokoan izan zuen entrenatzaileak, lore-xorta eman zion taldekide guztien izenean.

Ane Bergarak, guztiz hukinturik, mikrofonoa hartu zion eta Gure Txoloari eskerrak eman zizkion, bere lehen urratsetan lagun izateagatik eta ‘Aupa Gure!’ oihukatuz eta txalo artean bukatu zuen solasaldia.

Ekitaldia bukatzeko, 18 urtez beheitiko Nafarroako eta Gipuzkoako futbol selekzioen arteko partida hasteko, Gure Txokoako futbol atalean hainbat eta hainbat lan betetzen dituen Luis Irazokik ohorezko sakea egin zuen.

 

Matzada

Matzada futbol zelaiari belar artifiziala jarri eta urritik erabiltzen ari dira, baina inaugurazio ofiziala egiteko itxidurak eta harmailak bukatu arte egon dira. Hamarkada bat baino gehiago daramate futbol zelai berria eskatuz Beran eta azkenean, baldintza egokiak dituen bat lortu dute, Gure Txokoak eta Udalak obra egin ahal izateko formula ezberdinak bilatu ondotik.

Azkenean, 2016 urte hasieran Nafarroako eta Gipuzkoako Futbol Fedaerazioak Gure Txokoari 120.000 euroko laguntza ematea adostu zuten, erdibana. Gure Txokoak eta Berako Udalak ere hitzarmena sinatu zuten eta Nafarroako Gobernuak erabaki zuen Gure Txokoak lortutako aportazio guztiak kirol babesletza moduan kontuan hartzea eta honela, proiektua gauzatu ahal izateko 30 enpresen laguntza lortu du Gure Txokoak.

Hasiera batean, belar naturalaren ordez artifiziala jartzeko asmoa zegoen. Lan hori egin da, baina bai udalak, baita klubak ere, egoki ikusi dute bertze zenbait lan egitea, hala nola harmailak jartzea eta ingurua egokitzea.

Inauguraziorako, emakumeen futbolari babesa eman nahi izan diote erakunde guztiek eta horregatik omendu dute Ane Bergara. Gure Txokoako harrobitik atera eta Lagunak (2002-2005), Espanyol (2005-2011), Real Sociedad (2011-2015) eta FC Barcelona (2015-…) taldeetan aritu da Ane Bergara. Tarte horretan, 19 urtez beheitiko Europako txapeldun izan da 2004an, 2005-06 denboraldiko liga eta kopa irabazi zuen Espanyolekin, baina 2008-09 eta 2009-10 denboraldietako kopak talde berarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun