Nafarroa Oinez 2017 Lesakan

Lesakako Tantirumairu ikastolak hartu du Nafarroa Oinezaren lekukoa

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko urr. 17a, 08:09

Tantirumairu ikastolako guraso, ikasle, irakasle eta langileek ilusioz hartu zuten Nafarroa Oinezaren lekukoa. Argazkia: Jon Martinez

Aitor Iratzoki zuzendariak eta Amaia Lasheras presidenteak hartu zuten lekukoa Bianan

2016ko Nafarroa Oinez ospatu zen igandean Bianan. Bertako Erentzun eta Lodosako Ibaialde ikastolek antolatu duten elkarlenean “Hartu, tenka, tira” leloarekin eta guztiz arrakastatsua suertatu zen. Nafarroa Oinezaren soka luzeari urtebetez tiraka aritu ondoren, txanda pasatzeko unea iritsi zaie eta datorren urteko Oinezaren antolatzailea izanen den Lesakako Tantirumairu Ikastolaren eskuetan jarri zuten antolakuntzaren lekukoa. Lesakako ikastolakoek, Amaia Lasheras lehendakariak eta Aitor Iratzoki zuzendariak, txalo artean jaso zuten ardura, eguerdian Erentzun Ikastolaren atarian ospatutako ekitaldi hunkigarrian.

 

Iratzokik erran bezala, lesakarrentzat «ohore handia» izanen da 2017ko Nafarroa Oineza antolatzea: «Ikastolen eta euskararen aldeko auzolan erraldoia izanen da», azpimarratu zuen. Ilusio handiarekin jaso dute lekukoa lesakarrek. «Badakigu erronka handia dela baina tamaina horretako ilusioarekin hartzen dugu ardura. Denon artean, soka hartu eta tiratu eginen dugula ziur gaude», azpimarratu zuen.

 

Bigarren Nafarroa Oinez-a Lesakan

Lesakarrek 1988ko urriaren 9an ospatu zuten lehen eta orain arteko azken Nafarroa Oineza, Euskaraz bizi, euskaraz hezi lelopean. Hainbat urtez legeztatu gabe egon ondoren, ordura arteko egoitzak ez zituelako beharrezko baldintzak betetzen, urte hartako bestaren irabaziekin ikastetxe berria irekitzea ahalbidetu zen.

Heldu den urterako lanean hasiak dira gaurgero hainbat batzorde ezberdinetan. Azaroan eginen dute 2017ko Nafarroa Oinezaren aurkezpena, lehenik Iruñean eta gero Lesakan eginen dituzten ekitaldiekin. Bertan aurkeztuko dituzte helburuak, leloa eta logoa.

Baina hori baino lehen, igandean Bianan hainbat guraso, ikasle eta irakasle bildu ziren, bai lekuko hartzeko ekitaldian, bai boluntario moduan, baita desmontaje lanetan ere, hainbat azpiegitura Lesakara ekarriak baitituzte gaurgero. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun