Endarlatsa eta San Martin presak botatzeko lanak eman dituzte

Ttipi-Ttapa 2016ko abu. 11a, 10:25
Endalatsako presa ere botako dute.

Excavaciones Corella enpresak eginen ditu 166.771,65 euroren truke eta Euskal Herriko Unibertsitateak eginen du asistentzia teknikoa

Nafarroako Ingurumen Kudeaketarako elkarteak (GAN) Excavaciones Corella SL enpresari eman dio Endarlatsa eta San Martin presak botatzeko lanak. Lehenbizikoa 71.995,87 euroren truke eginen du eta bigarrena 94.775,78 euroren truke, denera, 166.771, 65 euro. Horretaz gain, aipatutako presen eraistearen jarraipen geomorfologikoa egiteko asistentzia teknikoa Euskal Herriko Unibertsitateari eman dio GANek, 54.500 euroren truke.

 

Endarlatsako presa botatzeko lanetararako zazpi enpresa aurkeztu ziren eta San Martin presarako zortzi eta guztien artean Excavaciones Corellaren eskaintza izan zen onena.

Eusopako Batzordeak diruz laguntzen duen Life 2014-2020 Planaren baitan, Life Irekibai programaren barnean dago presa hauek botatzea, oztopoak kentzerakoan erreketan bizi diren espezieen harat-honatak errazteko helburuarekin. Orain, Iturengo piszifaktoriko presa botatzea geldituko litzateke.

Berriki Berako Udalak gai hau landu zuen. Bera eta Baztango Ehiza eta Arrantza elkarteek Endarlatsako presa bota ordez, San Martingoa bota ondotik Endarlatsakoaren ateak zabaltzea proposatu zuten, bi urtez zer eragina duen ikusteko. Puntu hori ez zuen onartu Udalak eta Endarlatsakoa ere botatzearen alde agertu zen. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun