23. Korrika

Korrikaren harira Roxario Karrikaburu zenari omenaldia egin diote Arraiozen

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 15a, 09:30

2015ean lekukoa eraman zuen Roxariok, 92 urte zituela, «eta Korrikan parte hartzeko adina ez dela oztopo erakutsi zigun»

Argazkiak eta testua: Nerea Mortalena

Martxan da 23. Korrika, eta horren harira, Arraiozen hainbat ekitaldi egin ditugu. Horietako bat izan zen pasa den martxoaren 9koa: Roxario Karrikabururen omenez egindako ekitaldia. Duela bi urte zendu zen Roxario, 99 urte zituela.

Jende multzo polita bildu zen ostatu parean eta Xabier Maritorenak idatzi hunkigarri eta polit bat irakurri ondotik, Eider Urrutiak aurreskua dantzatu zuen Maddi Melladoren laguntzarekin. Ondotik, oroigarri bat eman zitzaion Roxarioren familiari.

Gainera, Jose Luis Karrikaburu, bere iloba, ere presente izan genuen. Joan den urtean zendu zen Jose Luis, eta arras maitatua izan zen; herriko aferetan aktiboki parte hartu zuen, behar zenean laguntzen zuen eta herriko istorioak zekizkien. Herriko elkartea eramaten zuen, koroan parte hartu zuen eta hainbat gauza gehiagotan ere. Eta noski euskararen defendatzaile sutsua izan zen! Beretako ere hitz polit batzuk eskaini zituen Xabierrek. 

Ekitaldia amaituta, Korrika argazkia atera genuen arraioztarrek. Gaur, martxoak 15, Korrikako ibilbidean egonen gara: ttipi-ttapa ttipi-ttapa korrika ohiukatuz!

Roxario Karrikaburu Korrikaren lekukoarekin 2015ean, 92 urte zituela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun