Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Deklaratzera deituak izan diren sei herritarrekin bat egin du Aroztak herri ekimenak

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 5a, 10:00

Aroztegiko parajeetan egon zen desobedientzia ekinaldietan ustez parte hartzeagatik epailearen aitzinean deklaratu beharko dute sei herritarrek.

Aroztak herri ekimenak adierazi duenez, «Lekaroz herria udaberrian loratu zen bere lurrak defendatzeko nahiarekin, espekulazioaren mamurrua ate joka ailegatu eta herriak eguzki handi, sano eta baketsu batekin erantzun zuen. Zorionak! Palacio de Arozteguía SL eta TEX etxerat igorri genituen. Erantzun hori Euskal Herriko eragile, norbanako eta mugimendu anitzi esker gertatu zen, denak eskutik harturik lortu genuen».

«Orain egun guti negua ailegatu den honetan, sei herritarrek epailearen aitzinean deklaratu beharko dute Aroztegiko parajeetan egon zen desobedientzia ekinaldietan ustez parte hartzeagatik. Ohar honen bidez gure aldetik babes osoa adierazi nahi diegu». Mugimendu baketsuei «errepresioarekin erantzutea onargarria ez dela» adierazi dute. «Bortxaz Aroztegiko parajeak ebatsi nahi dizkigute, bortxaz gure haritz zaharrak botatzen dituzte, bortxaz gure beharrei erantzuten ez dien eredu bat inposatu nahi digute, bortxaz epaitegietarat igortzen digute. Bortxa da beraiek ezagutzen duten hizkuntza bakarra».

«Negua ailegatu da bai, baina lurra berriz ernatuko da eta udaberriak irabaziko du, herri batek badakielakoz lurra eta bizitza zaintzeak gure herri ttikien etorkizuna bermatzea ekarriko duela berarekin». Deklaratzera deituak izan diren sei herritarrei animoak eman dizkiete, «ondoko mobilizazioetan ikusiko dugu elkar».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun