erran.eus

Euriari aurre eginez esne sektorearen defentsan ehunka lagun bildu dira Elizondon

  Gizartea  Baztan  Elizondo

Baztan-Bidasoaldeko 40 gizarte eragile, erakunde eta sindikatuk deitu zuten larunbatean

Landa eremu bizien eta nekazaritza iraunkorraren bidean, esne sektorea ere bizirik behar dugu goiburupean manifestazioa egin zen lard batean Elizondon, Baztan-Bidasoaldeko hainbat sindikatu, gizarte eragile, elkarte eta erakundek deituta. Ehunka lagunek parte hartu zuten euripean, behiak aitzinean zituztela. Aipatzekoa da azken 25 urteotan behi-esplotazioen %80a desagertu dela Baztanen.

Euriari aurre eginez esne sektorearen defentsan ehunka lagun bildu dira Elizondon
Euriari aurre eginez egin dute manifestazioa Elizondon. Argazkia: Juan Mari Ondikol | Ikusi handiago | Argazki originala

 

Apirilaren 1etik Danonek Nafarroako mendialdeko 7 nekazariri (tartean eskualdeko lau) esne gehiagorik bilduko ez diela jakinarazi ondotik eta Sorian 20.000 behi buruko esne ustiategia egiteko proiektua dagoela jakinik (lehenago Caparroson, 5.000 burukoa inongo zalapartarik gabe egin zuten), esne sektorearen etorkizunaz kezka handia piztu da.

Manifestazioa aurkezteko martxoaren 4an Elizondon egindako agerraldian aipatu zutenez, «azkeneko hamarraldi luzeetan nekazaritzan orohar eta esnegintzan partikularzki industria eta banatzaile handien neurriko eredua bulkatu dute. Produktibista, intentsiboa eta industriala. Hala, gure mendialdeetako nekazariak aldiro estutuz, aterabiderik gabeko atakarat eraman dituzte, bat ere erabakitzeko ahalmenik gabe, produkzio kostuetarat ailegatzen ez diren prezioekin, dirulaguntzei buruzko menpekotasunarekin, inbertsio handiekin eta lan-baldintza gogorrekin».

Europako merkatu bateratuak, kuoten sistemak eta Nekazaritza Politika Bateratuek, administrazio publikoen erabateko inplikazioarekin sektorea egiturazko krisian sartu dute, «eta kontsumitzaileek, nekazaritzari buruzko inongo ezagutzarik  gabe, esnearengatik prezio irringarriak ordaintzeko kezkarik ez dute izan», diote deitzaileek. «Kapitalista eta enpresa handien menpean ari diren Estatuek, merkatu handi eta libreak sortzeko tratularitzan nekazari ttipien beharrak eta landa-eremuetako komunitateen geroa ez dute egundaino serioski gogoan hartu. Hala, gure mendialdeetako nekazaritza egitura desagertzeko bidean paratu dute landa-eremuetan aspalditik heldu den egiturazko krisi sozial eta ekonomikoa bulkatuz».

Baina nekazariak eta landa-eremuak «zafratzen dituen eredu sozioekonomiko berak, logika merkantilista eta neoliberal horrek, hirietako eta lurraldeko bertze tokietako herritarrak eta kontsumitzaileak ere gogorki kolpatzen” ditueela ere salatu dute. “Industria eta banatzaile handi horiek zernahi kalitatezko elikagai saltzeko bat ere begiramendurik ez baitute. Nekazariak galtzaile, landa eremuak galtzaile eta kontsumitzaileak eta herritar arruntak galtzaile. A ze eredua!».

 

 

Soriako granjan, Hego Euskal Herrian produzitzen denaren %60ª produzituko litzateke

Testuinguru horretan, mendialdeko nekazal esplotazioak inoiz baino gehiago industriaren beharretan direlarik, Danonek zazpi nekazariri esne gehiagorik bilduko ez diela erran die. Hori bai, batzuei esnea biltzetik utzi bidenabar, bertze batzuei produkzioa handitzeko eskatu die. Lehenagotik heldu den produkzioaren pilaketa edo kontzentrazioa azkartuz. «Zalantzarik gabe, azkeneko urteetako produkzioaren pilaketak nekazal etxalde eta lanpostuen galera ekarri du. Haatik, orain artio burrunba gutti sortu da. Hala, orain bortz urte Caparroson 5.000 behi-buruko ustiategia egin zutelarik  inork ez zuen deus erran. Horrela, produkzioaren pilaketan urrats berria emateaz gain, produkzioaren deslokalizazioari  buruz bide berria, salaketa eta protestarik gabe hasi zuten. Ordura artio esnetako behiak mendialdetako bazkaleku eta etxaldeetarat loturik baziren, orain belar bazkarik gabeko tokierat mugitzen dituzte. Gisa horretan, Soriako 20.000 buruko proiektua ageri zaigu, esne produkzioaren pilaketa eta deslokalizazioa inoiz ikusi gabeko neurrietarat eramanez. 20.000 behi horiek urtero 240.000 tona esne produzituko dute, Hego Euskal Herrian egiten denaren %60».

Ageri denez, orain artioko bideak nekazaritzarik gabeko landa eremuak ekarriko dituela uste dute manifestazioaren deitzaileek:  «Zazpi nekazari hauek bizi dutena ez da arazo partikularra. 20.000 behi buruko esne ustiategiaren egitea  esne-sektoreko nekazarien arazo partikularra ez denez. Jendarte osoari: landa eremuari eta hiriguneari eragiten dioten arazoak dira. Landa eremuak bizirik atxekitzeaz ari baikara, elikadura osasuntsua eta kalitatezkoa kontsumitzeko eskubideaz; edozein herrik bizirauteko beharrezkoa duen elikadura burujabetzaz».

Horregatik herritar guztiei zuzentzen zatzaie, «zazpi nekazari hauek orain -baina bihar gehiago izan daitezkeenak- bizi dutenari eta 20.000 behi buruko ustiategiak geroari buruz ekarriko duenari EZ errateko. Baina landa-eremuen etorkizunari BAI errateko. Lurrari lotutako nekazaritza iraunkorra, enpleguaren sortzailea eta herri ttipiak bizirik atxekiko duena bulkatzeko. Gure inguru eta bazterrak zainduko dituena, duina eta bizi-kalitatea ekarriko duena».

Guzti horregatik, nekazarien eta kontsumitzaileen arteko aliantzak bulkatu behar direla uste dute: «Landa-eremuen eta hiriguneen artekoak. Langileen eta baserritarren artekoak. Ez gara bi gorputz, bakarra baizik. Batek min badu, gorputz osoa eri da. EZ oraingo kinkari, BAI, landa eremu biziei eta bizitza justuari. Karrikara atera gaitezen, gaur ASKI errateko eta, bihar, bideragarria den nekazaritza eta jendarte eredu justua eraikitzeko».

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa