Bake epaitegia Foruzainen Elizondoko lehengo komisaldegian jartzea proposatu du Baztango Udal Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2016ko abe. 15a, 07:39

Geroa Bairen proposamena ez dela bideragarria uste du, plazako eraikinean paratzeko eraikina akitu beharko bailitzake lehenik eta horrek 200.000 euro beharko lirateke

Baztango Udal Gobernuak Bake Epaitegia Foruzainen Elizondoko lehengo komisaldegian jartzeko proposamena egin du. Lanen egitea 10.000 euroko aurrekontua du eta Nafarroako Gobernuak 5.000 euroko laguntza eman zuen. EHBildu eta Baztango Ezkerraren erranetan, «Geroa Baik, UPNk eta Auzolaneanek laguntza hori jasotzeari ez erran zioten». 

Geroa Bairen kasuan, prentsan agertu duten bezala, Bake Epaitegia plazako eraikinean paratzeko eskaera egin dute. «Horretarako, –udal gobernu taldearen erranetan– bistan denez, lehenik, plazako eraikina akitu beharko litzateke eta hasierako proiektuaren arabera 200.000 euro inguru beharko lirateke». Nafarroako Gobernuak gisako proiektuetarako ez du dirulaguntzik aurrikusten. Hortaz, Geroa Bairen proposamena ez dela bideragarria diote EHBilduk eta Baztango Ezkerrak: «Udaletxeak halako dirurik ez du eta Nafarroako Gobernuaren halako laguntzarik ez dago». 

Udaleko gobernu taldeak, konponbide merke eta sinplea aurkeztu duela dio: «10.000 euroko proiektua, zeinaren erdia Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen baitzuen». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun