Baztango Geroa Baik bake-epaitegia Elizondoko plazako udal eraikinera eramatea proposatu du

Ttipi-Ttapa 2016ko abe. 12a, 08:25

Gaur egun dagoen eraikinak ez dituela beharrezko segurtasun eta kalitate bermeak ematen uste du

Baztango Geroa Baik bake-epaitegia Elizondoko plazako udal eraikinera eramatea proposatu du, gaur egun dagoen eraikinak ez baititu beharrezko segurtasun eta kalitate bermeak ematen. «Enparantzako eraikina zerbitzu ugari emateko prestatu zen, bake-epaitegia bertze batzuen artean», adierazi du udal taldeak. 

Baztango Geroa Baik gogorarazi du bake-epaitegia segurtasun baldintzak betetzen ez dituen eraikin batean kokatzeko erabakia gobernu taldeak hartu zuela aurreko legegintzaldian eta aurten erabaki hori berre horretan jarraitzen duela.

«Azken udalbatzan proposamen bat aurkeztu zen bake-epaitegia Forunzaingoaren antzinako bulegora eramateko. Aurka bozkatu genuen ez deritzogulako arrazoizkoa lokal horiek egokitzea, Udalarenak ez baitira, hutsik dauden beste udal eraikinak ditugunean. Gainera, bake-epaitegia Udalaren inguruetatik deslokalizatzea akatsa dela uste dugu bai eta bizilagunentzako kaltea ere, kasu askotan gestio bakarra egiteko mugitzeko beharra edukiko bailukete», azaldu du Baztango Geroa Baik.

Udal taldearen aburuz, proposamen hau Udalbatzara iristeak «agerian uzten du gaur egun Udalak ez duela bere zerbitzu guztiak eskaintzeko adina toki». «Beharrezkoa da Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak enparantzako udal eraikinera hedatzea, bere garaian helburu horretarako eraiki baitzen, eta Baztango Geroa Baitik uste dugu ezin dezakegula denbora gehiago pasatzen utzi hura egokitu gabe”, akitu dute idatzia. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun