Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiko egitasmoa ingurumenekoa baino auzi soziala dela azpimarratu du Aroztegia… eta gero zer? Plataformak

TTIPI TTAPA 2010ko mai. 5a, 11:46
Baztanen 850 etxebizitza hutsik daudenean 252 berri egitea ez duela zentzurik uste du Aroztegia… eta Gero Zer Plataformak. TTIPI-TTAPA

Halere, Ingurugiro Departamentuak «ez duela sinesgarritasunik» uste du

Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamenduak Aroztegiko egitasmoaren ingurugiro eragin azterketari eman dion ongi-ikusiak ez du batere harritu “Aroztegia… eta gero zer?” Plataforma. «Nafarroako Gobernuaren eta haren departamendu desberdinen jokamodua horrelako egitasmoetan, enpresen interesen araberakoa izan da beti» dio Plataformak eta uste du Ingurugiro Departamentuak ez duela batere sinesgarritasunik afera hauetan, «bere egintzek erakusten dutenez».

Baina Aroztegiko egitasmoak ingurugiro ondorioak izanen baditu ere, gehien bat auzi soziala da Plataformaren ustez: «Ez gaitzatela nahasi, kontua hau da: Baztanen herri berri bat nahi dugu? Baztanek 252 etxebizitza gehiago behar ditu 850 hutsik dituelarik? Baztango garapen urbanistikoa arautzeko Udal plan bat indarrean egonik, ze zentzu du planetik kanpo eremu ez-hirigarrian 252 etxebizitza berri egin nahi izatea?»

Aroztegia… eta gero zer? Plataformaren arabera afera soziala da eta bertan herri ta bailara eredua eztabaidatzen da: «espekulatzaile diru-gose batzuek nahi dutenaren araberakoa, edo herritarren beharren araberakoa».

Aroztegiko egitasmoa baimentzeko ardura osoa Baztango udalarena dela garbi utzi nahi izan du Plataformak, eta ingurugiro eragin azterketaren ebazpenaren gainetik egitasmoari ezezkoa eman diezaiokeela. Halere, «orain artioko prozesu guztia isilpean eramaten ari direla-eta» kezka agertu du Plataformak, «zeren Aroztegikoa hain ona baldin bada, zergatik ez dute konplexurik gabe horren berri lau haizeetara ematen?». Lekarozko herritarrek herri-galdeketan egitasmoaren kontrako jarrera agertu zuten eta hori ere Baztango Udalak ez duela kontuan hartu salatu du Plataformak.

Aroztegiko egitasmoa Baztango interesen kontrakoa dela adierazi du berriz ere Plataformak, «eta azken aldian hain arruntak egin diren pelotazo urbanistiko bat bertzerik ez dela, hori bai, sustatzaileak ederki aberastuko dituena, baina Baztango lurraldearen desegituraketa eta ondorio sozial sakonak ekarriko dituena». Horregatik egitasmoa gelditzeko eskatu du, «orain hilabete eta erdi Baztango eragile sindikal, sozial, kultural eta politiko desberdinek egindako eskaria berretsiz».

Bizikleketa martxa eta antzerkia

Helburu honekin, maiatzaren 22an bizikleta martxa antolatu dute Aroztegiko egitasmoaren kontra, «Eman pedalazoa Aroztegiko pelotazoari» izenburupean.  10:30ean abiatuko da martxa Elizondoko plazatik eta Elbete, Elizondo, Lekaroz, Tellari (gosaria 11:30ean), Oharriz eta Iruritan barna ibili ondotik, Elizondora bueltatuko dira.

Modu berean, Aroztegiko egitasmoa salatzeko antzerki taldea eta antzerki lana prestatzeko bilera ere eginen da Elizondoko Gaztetxean maiatzaren 5ean, asteazkenean, 20:30ean. Herriz herri ere solasaldiak eskaintzen ari dira. Orain artio Iruritan, Anizen eta Gartzainen izan dira eta heldu den larunbatean Amaiurren eskainiko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun