Hizkuntza errealitatearen berri emateko gida argitaratu dute euskara zerbitzuek

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 19a, 18:00
'Ongi etorri! Hemen euskaraz bizi gara' gidaren azala.

‘Ongi etorri! Hemen euskaraz bizi gara’ argitalpena paperean eta PDF interaktibo formatuan eskura daiteke

Baztango, Bortzirietako eta Malerrekako euskara zerbitzuek turistei eskualdeko hizkuntza errealitatearen berri emateko Ongi etorri! Hemen euskaraz bizi gara argitalpena prestatu dute aurten ere. Paperezko edizioa ez ezik, PDF interaktiboa ere eskuratzen ahal da eta Aste Santu aitzinetik zabalduko dute.

Argitalpenean, bertzeak bertze, «eskualdean euskara hizkuntza bizia dela» bildu dute, baita «bisitariei ahal duten neurrian euskara erabiltzeko gonbita» egin ere. Oinarrizko hiztegi bat erantsi dute, gaztelaniara, frantsesera, katalanera eta ingelesera itzulia.

Argitalpenak Baztango, Bortzirietako eta Malerrekako hizkuntza errealitatearen berri ematen duen azalpen labur bat dakar euskaraz, gazteleraz, frantsesez, katalanez eta ingelesez. Azalpenean azpimarratzen da eskualde hauetan euskara hizkuntza bizia dela, eta horrez gain, bisitariei ahal duten neurrian euskara erabiltzeko gonbita egiten zaie.

Euskara zerbitzuez gainera, turismo arloko eragileek gisa honetako argitalpenaren beharra ikusi dute. Izan ere, eskualde hauetako promozio turistikoa lantzen denean, bertako paisaia, baliabideak, kultura, ohiturak eta tokiak kontuan hartzen dira, baina ez da berdin jokatzen hizkuntzarekin; eta euskara ere bada Baztanen, Malerrekaren eta Bortzirien marka. Hortaz, gabezia horri aurre egin nahian prestatu dute argitalpen hau.

Aste Santurako hiru eskualdeetako turismo bulego eta toki turistiko garrantzitsuenetan egonen da. Edozein kasutan, turismo arloko edozein eragilek argitalpenaren ale batzuk eskuratu nahiko balitu, nahikoa luke hiru eskualdeetako edozein euskara zerbitzurekin harremanetan jartzearekin. Uraren Bailarak eta Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoak ere banaketarekin lagunduko dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun