Kobazuloen XIV. Eguna ospatuko dute asteburuan Saran, Urdazubin eta Zugarramurdin ere

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 12a, 14:00
Zugarramurdiko lezeko Ainhoa Agirrek eman zuen Kobazuloen Eguneko egitarauaren berri Iruñeko Kondestable Jauregian.

Lurpea 2024 Saria eman dio elkarteak Aranzadi Zientzia Elkarteko Arantza Aranburu Artanori

Kobazuloen Egunaren XIV. edizioa aurkeztu zuen Euskal Herri osoko zortzi leize elkartzen dituen Lurpea elkarteak martxoaren 11n Iruñeko Kondestable jauregian. Aurkezpenean Arantza Aranburu Artano geologian doktorea, EHUko Geologia Saileko irakaslea eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea izan zen. Lurpea 2024 saria jaso zuen, bere  ikerketa, akademia eta dibulgazio lana saritzeko. 

Ildo horretan, adierazi behar da Arantza Aranburuk aipamen berezia egin ziola koba turistikoek dibulgazioan duten garrantziari, mundu akademikoan eta koben munduko ikerketaren bertze esparru batzuetan lortzen diren emaitzak jendeari zabaltzen eta ezagutarazten laguntzen baitute.

Aranzadi Zientzia Elkarteko Arantza Aranburuk eskuratu du 2024ko Lurpea Saria.

 

Kobazuloen Eguna

Kobazuloen eguna Lurpea elkarteak bultzatzen du. Elkarte honek Gipuzkoako Arrikrutz eta Ekainberri, Isturitz-Oxozelhaya (Nafarroa Beherea) eta Sara (Lapurdi), Pozalagua (Bizkaia) eta Zugarramurdi, Urdazubi eta Mendikulo (Nafarroa) biltzen ditu.

 

ZUGARRAMURDI

Zugarramurdin Historiaz beteriko etxeak eskainiko dute, herriko txokoetan zehar bisita gidatua, bertako historia ezagutzeko, pertsonaia ezberdinen kondairak eta pasadizoak entzuteko... guztientzako egokia den ibilaldi dinamiko eta interaktibo batean. Hitzordua larunbatean eta igandean 16:00etan izanen da eta aitzinetik erreserba egin behar da. Badago erreserba online egiteko aukera.

Horrez gain, azken urteetan Zugarramurdiko Lezearen geologia, geomorfologia eta dinamika hidrogeologikoak sakonki aztertu ondotik, Aranzadi Zientzia Elkarte eta Hidro-Ingurumen Prozesuen Ikertaldeak (UPV/EHU) egindako lana aurkeztuko du hurrengo egitaraua jarraituz:

Martxoaren 16a, larunbata

10:30 Urak ekarri eta urak eraman: Zugarramurdiko paisaia ez da sorginkeria

Solasaldia Museoan Arantza Aranburu geologoa eta HGI taldeko kideen eskutik.

12:00 Geologia nagusi, Ura langile

Geologoek gidatutako bisita Lezean.

Plaza mugatuak dira. Izena emateko: zugarramurdikolezea@gmail.com

Montes Solidarios elkarteak egin duen Escuchando el silencio dokumentala ere aurkeztuko dute Zugarramurdin, Montes Solidarios elkarteak urteak daramatza mendiko jarduerak sustatzen eta antolatzen, mugikortasun-arazoak dituzten pertsonek mendi-ibilbideez goza dezaten. Eta orain lurpeko altxor naturalez gozatzen ere laguntzen du. Ikusentzuneko hau Sorginen Museoan emanen dute martxoaren 17an, igandean, 12,00tan.

 

URDAZUBI

Urdazubin aurten, bertze jarduera berezi bat eginen dute, Trikuharry, naturaren interpretaziorako zentrora bisita (urririk. Erreserbatzeko; 601 35 13 19 edo trikuharry@gmail.com.

Urdazubiko bisita gidaturako sarreren prezioko %50en deskontuaz gain, ikuskizuna martxoaren 16 eta 17ko asteburuan izanen da (doakoa), Ikaburu-ko haitzuloetan erreserbatu.

 

SARA

Martxoaren 16an, larunbatean 19:00etan Mitoen sortzea bisita kontatua

Julien Gaüzèrek gidatutako bisita berezia, errealitatea eta irudimena nahasten dituen mundu batera eramanen zaituena, mitoen sortzearen garaietara… Aintzinetik izena eman behar da : https://reservation.grottesdesare.fr/lurpea24 (35 pertsonara mugatua)

Martxoaren 17an, igandean:  Bisita gidatuak frantsesez, euskaraz eta gaztelaniaz izanen dira. Internet bidez erreserbatuz, % 50eko beherapena ezarriko da martxoaren 17ko bisiten tarifan, lurpea2024 kodea sartuz: https://reservation.grottesdesare.fr

Egun honetan, Lurpeako bazkide den Monte Solidarios elkartea errezibitzeko parada ere izanen da, Isiltasuna entzun proiektuaren baitan. Proiektu honek parada ematen die dibertsitate funtzionala duten pertsonei lurpeko munduaren berezko sentsazio guztiak deskubritzeko eta sentitzeko. Lurpea elkarteko beste kobazulo kideek bezala, gogotsu idekitzen dizkiegu lurraren erraietako ateak!

Asteburu osoan sartzeak erosten dituztenek txartel bat betetzeko aukera izanen dute, Lurpea elkarteko zozketan parte hartzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun