Zugarramurdiko saihesbidearen proiektua ezagutzera etorri da Nafarroako Parlamentuko delegazio bat

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 31a, 17:00
Nafarroako parlamentariak, Zugarramurdi, Sara eta Baztango udal ordezkariekin, proiektuaren arkitektuekin eta Zugarramurdiko lezeen kudeatzilearekin.

Argitxu Agerre alkatearen eta Maria Urmeneta arkitektuaren azalpenak aditu zituzten ilbetzaren 26an

Duela hiru urte Zugarramurdiko plazan neurketa bat egin zuten, eta egunero 1.500 auto pasatzen zirela ikusi zuten. Hau ikaragarria da herri ttiki huntarako. Horietako aunitz herria ezagutzera etortzen direnak dira, baina portzentaje handi bat Sara aldetik Dantxarinerainoko bidea egiten dutenak dira. Hori dela eta, urtarrilaren 26an Nafarroako Parlamentuko delegazio bat etorri zen Zugarramurdira, egin nahi den saihesbideko proiektua ezagutzera.

Argitxu Agerre, Battit Laborde eta Fernando Anbustegi, Zugarramurdi, Sara eta Baztango alkateek egin zieten harrera, baita Ainhoa Agirre, lezearen eta museoaren kudeatzaileak eta proiektuaren arkitektuek ere. Erabiliko diren inguruak ezagutzen ibili ziren, eta ondotik auditorioan, arkitektoak proiektua aurkeztu zuen. Lan hori egiteak finantziazio haundia eskatzen du: bi milio euro.

Bilkuran Argitxu Agerre alkateak azpimarratu zuen Zugarramurdin sarbide berri bat egin behar dela, arazoak baitira kanpotik herrira iristen diren ibilgailuekin, Sorginen Museoak eta Lezeak duten erakargarritasun turistikoagatik eta, bertze alde batetik, Bidasoaldeko eta Baiona aldeko udalerrietako biztanleek landa bidea erabiltzen dutelako.

«Arazoa are larriagoa da bisitari ugari etorri ohi diren egunetan. 2018ko estatistiken arabera Lezean 128.325 pertsona erregistratu ziren eta Sorginen Mueseoan 19.201. Bisitariak mugako di aldeetatik iristen dira. Turisten etorrera, gainera, ez da lineala urtean zehar eta gailurrak izaten ditu, herriko erdigunean zirkulazio-kaosa sorraraziz, ibilgailuetarako sarbide bakarra dagoelako aparkaleku publikoetara eta egun horietarako prestatzen diren aldi baterakoetara iristeko», alkateak adierazi duen moduan.

Oporraldiko mugimendu horiei gaineratzen zaizkie Dantxarineko bentetara lan egitera edo salgaiak garraiatzera joaten direnenak. Neurri handi batean, horiek guztiak ailegatzeh dira —lan egitera edo hornidurak eramatera— Beratik, Etxalartik edo Baztandik, «ibilbide horretan distantzia 50 kilometroraino laburragoa delako N-121-B erabilita baino» azaldu zuen Argitxu Agerre alkateak.

Argitxu Agerre Zugarramurdiko alkatea, saihesbidearen beharraz azalpenak ematen.

 

 

Egunero 1.500 ibilgailu baino gehiago herrigunetik

Horregatik, Udalak beharrezkotzat jotzen du sarbide berri bat, herriko hiriguneko trafikoak dituen arazoak konponduko dituena, bertan egunero 1.500 ibilgailu baino gehiago iragaten baitira (2020ko datuak); gainera kale nagusian estugune bat dago bi etxeren artean, 3 metroko zabalera besterik uzten ez duena.

Jarraian, Parlamentuaren ordezkariek ezagutu zuen, Maria Urmeneta arkitektoaren eskutik, Udalak burutu nahi duen jarduketaren proiektua. Sarbide berri bat da, «kanpoko ingurabide moduko bat», Dantxarineko merkataritza guneak eta turisten etorrerak sorrarazten duten trafiko handia jasotzeko, gaur egun herriko plazan zehar igaro behar duelako. Proiektuak, gainera, kontuan hartzen du sarbide berria Zugarramurdiko aparkaleku turistikoraino iristea kale nagusian zehar igaro gabe.

Halere, adierazi dutenez konponbidea «ez da erraza, Saratik datorren bide nagusia Udalarena baita eta, gainera, tarte bat Baztango Udalarena da». Kategoria horrek Nafarroako Gobernuaren jarduketa mugatzen du eta Udala behartzen du laguntza ekonomikoa bilatzera, 2 milioi euroko balioa duen sarbideko obra ordaindu ahal izateko.

Ingurabidea egin ahal izateko, Zugarramurdiko Udalak Udal Planaren egiturazko aldaketa bat onetsi zuen, herriko sarbide berriaren proiektua garatzea ahalbidetuko duten hirigintza-zehaztapenak ezartze aldera, sarbideak hiri-lurzoru, lurzoru urbanizagarri eta urbanizaezinak ukitzen baititu. Aldaketaren esparrua herriko ipar-ekialdean dago eta lotura du frontoiaren eta aparkalekuaren eremuarekin. Beraz, batez ere ukitzen ditu larreak, Azketako bidea, non oinarritzen baita trazadura berriaren tarte handi bat, eta Zorribenta errekako arboladi bat, NA-4401 errepidearekin lotzen den zonaldean.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun