IONE ZOZAIA IRATZOKI

«Maiteminaren pareko sentsazioak ditut oholtzan nagoenean»

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 20a, 10:30

Pasioz bizi du bizitza Ione Zozaia Iratzokik eta bere afizio zerrenda luzea da horren erakusle. Dena den, bada horien guztien artean narbamentzen den bat: musika. Kilimak taldeko kidea da eta oholtza gainean sentitzen duenaz, musikaz, bizitzaz... hitz egin du TTIPI-TTAPArekin.

Hitz bakarra ez du aski Ione Zozaia Iratzokik bere burua deskribatzeko: «Zugarramurdiko neska euskalduna, alaia, artista, abenturazalea eta bizitzaren maitalea» dela azaldu dio TTIPI-TTAPAri. Pasioz bizi du bizitza eta bere afizio zerrenda luzea da horren erakusle. Arrapaladan izendatu ditu guztiak: «musika, kantua eta ahotsa, interpretazioa eta antzerkia, argazkilaritza eta ingurunearen behaketa. Natura, hura inguratzen duen fauna eta flora oro, baina batez ere itsasoa edota ur azpiko paradisua. Naturan jorratzen diren kirolak, pala, igeriketa eta mendizaletasuna. Bidaiatzea, margotzea eta idaztea ere izugarri gustatzen zait». Horiek guztiak egin ahal izateko, bertze pare bat ere gaineratu ditu irri artean: «lo egitea eta jatea». Hala dio: «guztiak probatu eta lantzeko bizitzak nahikoa ordu ez dizkidala eskainiko» sentitu izan duela maiz. 

Dena den, bada horien guztien artean nabarmentzen den bat: musika. Zer ikusi, hura ikasi erran ohi da eta musikarekin duen lotura etxetik datorkiola azaldu du: «aita musikaria da eta ama musikazalea, etxean betidanik aditu dut musika». Aitortza ttiki bat ere egin du: «haurra nintzenean etxeko lanak egitea baino nahiago nuen kantuan ibiltzea. Gogoan dut ispilu aitzinean jarri eta discmana topera jarrita Shakiraren diskoa behin eta berriz kantatzen nuela».

Lehenbiziko pausoak

2016an, sorterritik urrun, egin zituen abeslari izateko lehenbiziko urratsak: «Lisboara joan nintzen Erasmus programarekin eta ia kantante bihurtuta itzuli nintzen handik». Bertan ezagutu zuen gaur egun bere lagun, musika kide eta bikotekide den Agus: «berarekin hasi nintzen runbak abesten. Praktikak finitu orduko gitarra hartu eta terrazan jartzen ginen ezagunak genituen kantak bi ahotsetara ateratzen». Agusek Lisboatik itzulita talde bat osatzeko proposamena egin zion eta Burrunba taldea sortu zuten, «horrek ireki zuen Kilimak taldea sortzeko bidea».

2021ean kaleratu zuen Kilimak taldeak lehenbiziko diskoa eta horretara iritsi arteko bidea nabarmendu nahi izan du Zozaiak: «partaideak gehiago elkar ezagutzera, konektatzera eta norberaren frustrazioak biluztera ere eraman gintuen». Momentuka gozoa, bertzeetan samina izan zen bidea, baina bere hitzetan: «bizi guztirako gelditzen den zerbait sortu eta kaleratzeak ez du preziorik». Gaur egun, zer hobekuntza beharko lituzkeen ikusten dabiltza eta horretarako: «ustekabeko giroetan gabiltza lanean, hurrengo urteko bira prestatzen eta sorpresak kaxetan sartzen».

«Oinak eta kontzientziak mugiarazi nahi ditugu»

Proposamen berezia

Proposamen berezia da Kilimak taldeak egiten duena; oinak mugiarazten dituzte, baina baita kontzientziak ere: «musikaren bidez jendeari buruhausteetatik ihes egiteko bide bat eman nahi diogu. Gozaraztea da helburua, baina mezu sozial edota ironikoak ere botatzen saiatzen gara; umorearen bitartez jendeen kontzientzian geldi daitezen».

Oholtzako sentsazioak

Oholtzara igotzen denean, maiteminaren pareko sentsazioak dituela azaldu du: «maiteminduta zaudenean sentitzen diren kilimen antzekoak sentitzen ditut. Adrenalina subidoia eta publikoarekiko izugarrizko maitasuna». Maitasunean bezalaxe, dena ez da beti gozoa: «ez ditut beti sentsazio onak bakarrik sentitu. Beldurra, segurtasun eza edota haserrea ere esperimentatu ditut, baina ezin konparatu sentitzen dudan indar eta emozio ikaragarri horrekin».

Hainbat funtzio ditu musikak: «hura aditzeak hainbat lekutara bidaiatzeko atea zabaltzen du: nire barrenera, imajinaziora, pertsonengana, bidaiatutako lekuetara…». Bere buruarekin konektatzeko bidea ere badela dio: «funtzio ludiko bat ere badu. Gozatzeko aukera ematen dit, baina orokorrean neure burua hobeki ezagutzera narama, esperimentatzera».

«Oraina topera bizi eta zeharka begiratzen dut etorkizunera»

Etorkizuna

Oraina «topera, ehuneko ehunean bizitzen» saiatzen dela azaldu du Ionek, «hori baita seguru dugun gauza bakarra». Dena den, etorkizunera «zeharka begiratzen ere» saiatzen da, «norabidea eta helburuak presente edukitzeko». Argi baitu zein den bete nahiko lukeen ametsa: «nire pasioei ahal bezain energia eta denbora gehien eskaini eta musikak edota arte eszenikoek noizbait nire hozkailua eta sakela lasai bizitzeko adina betetzea».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun