Urdazubiko lezeko hartzaren buru-hezurra ezagutzeko aukera izanen da larunbatean

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 28a, 17:00
Urdazubiko Alkerdiko lezean berriki topatutako hartzaren buru-hezurra.

Irailaren 30ean solasaldia emanen du Asier Gomez paleontologoak, Ondarearem Europako Jardunaldien barrenean

Ondarea bizirik goiburupean Ondarearen Europako Jardunaldiak ospatuko dituzte Nafarroako 52 udalerritan, 175 jarduera ingururekin. Eskualdean, Urdazubiko Alkerdiko leizean berriki topatu duten hartzaren buru-hezurra ikusteko eta hari buruz gehiago jakiteko aukera izanen dute irailaren 30ean, larunbatean 10:00etan, Asier Gomez paleontologoak eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak Urdazubiko kultur etxean emanen duen solasaldian. Gero, Alkerdiko historiaurreko marrazkiak bisitatzeko aukera ere izanen da, doan.

Egun horretarako lekua gordetzeko info@cuevasurdax.com helbide elektronikora idatzi behar da.

Urdazubiko lezeko Goio Hualdek aipatu digunez, «aspaldian, orain dela zenbait mila urte, hartz hau gure mendietan bizi zen. Neguko hotz handietatik babesteko Alkerdiko leizean xoko bat harrapatu zuen, han berean hil zen, eta orain dela guti aurkitu dute. Gaur egun, hezur hauek ikertzen ari dira eta laster Atapuercako laborategi batera eramanen dute. Bitartean bere garai bateko etxean ikusgai izanen dugu, Urdazubin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun