‘Leizeen musika’ gaualdi berezia eginen dute buruilaren 22an Saran

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 19a, 11:00
Mintzaldiaren ondotik, lezean sartuko dira instrumentu primitiboen soinua entzutera, lurpeko giro berezian.

Ortziralean 19:00etan antzinako musika tresnei eskainitako hitzordua izanen da

‘Leizearen oroimena’ zikloak segitzen du eta buruilaren 22an, ortziralean 19:00etan hasita hitzordu berezia izanen dute leizeetan, antzinako musika tresnei eskainia, ‘Leizeen musika’ goiburupean. Jean-Claude Enriquek musika tresna ezberdinak eta Paleolitikoko soinu-adierazpenaren lehen formak aurkeztuko ditu leizeen harrera gelan.

Frantsesez emanen du solasaldia, baina aldi berean euskarara itzultzea posible izanen da, horretarako hamar eskaera baino gehiago egiten badira. Mintzaldia urririk da, aitzinetik izena emanez (plaza mugatuak dira). Gaualdia hurrupaldi partekatu batekin bururatuko da, usaian bezala.

Animaliak eta mugimenduak imitatzen dituzten soinuak, danbolina, txistuak… ‘Leizeen musika’ gaualdi berezian teknika eta musika-tresna ugari ezagutzeko aukera izanen da.

Mintzaldiaren ondotik, lezean sartuko dira instrumentu primitiboen soinua entzutera, lurpeko giro berezian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun