Gauenaren nazioarteko gaua ospatuko dute ortziralean Sarako lezean

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 26a, 09:00
Gauenaren inguruko jakingarriak ikasiko dituzte ortziralean Sarako lezean.
  • CEN elkarteko kideen solasaldia, ugaztunak aditzeko aukera eta aperitifa izanen dute.
  • Arropa egokia hartzea eskatu dute eta eguraldi txarra egiten badu, saguzarrak entzutearen ordez, truke-denbora edo solasaldi bat izanen dute.

Lezearen oroimena mintzaldi zikloaren barrenean, Gauenaren Nazioarteko gaua ospatzeko gaualdi berezia izanen dute uztailaren 28an, ortziralean, 19:30ean hasita Sarako lezean. Ingurumen Naturalen Kontserbatorioa (CEN) elkarteko kideek ugaztun ttiki honen aurkezpena eginen dute frantsesez eta ondotik, sarrerako ataripean gauenarak adituko dituzte batbox tresnari esker. Azkenik, usaian bezala, aperitifa eskainiko dute gaualdia lagun giroan bururatzeko.

Arropa egokia hartzea eskatu dute eta eguraldi txarra egiten badu, saguzarrak entzutearen ordez, truke-denbora edo solasaldi bat izanen dute. Gaualdia urririk eta denei irekia izanen da, izena emanez (kopuru mugatua).

Agorrilaren 11n txangoa

Agorrilaren 11n, CPIE Euskal Itsas bazterreko Imanol Amestoik gidatutako txangoa eginen dute leze inguruan, 09:00etan abiatuta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun