Usorik ez sartzeko sarea paratu dute Zugarramurdiko ezkila-dorrean

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 19a, 19:00
Zugarramurdiko elizako ezkila dorrea usoetatik babesteko sarea paratu dute malobran.

Uztailaren 8an egin zuten malobra, hegaztiek itaxurak sortu dituztelako elizan eta argiteria ere moldatu dute

Malobra polita egin zuten uztailaren 8an Zugarramurdiko herritar kuadrilla batek elizako ezkila-dorrean. Usoak pausatzeko tokia bihurtua zen, eta horrek arazo handia sortzen zuen, batez ere, beraien zikinekin ura ateratzeko bidea trabatzen zutelako, eta horrek eliza barnera itaxurak sortzen zituelako. 

Orain ezkilen barneko aldetik sare bat paratu dute, usoek barnera sartzeko aukerarik izan ez dezaten. Horrek ezkilen mugimendua oztopatzen duela egia da, baina ez du garrantzirik izanen, gaur egun  elektronikoki jotzen dutelako, ezkilak mugitu beharrik gabe. Edozein maneretan, sarea kendu eta berriz paratzeko maneretan emana da. Gisa horretara, noizbait ezkilak eskuz jo nahi baldin badira, aukera hori ere posible da.

Argiteria eta eskailerak ere konponduko dituzte

Ondarea babesteko beharrezkoa zen lan hau egiteaz gain, ezkila dorrera doan argiteria ere konpondu dute. Eskailerak ere franko hondatuak dira, eta hori konpontzeko lana zurgin bati eman zaio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun