«Inauterietan herritar guziekin egoten gara eta hori arrunt polita da»

Ttipi-Ttapa 2017ko ots. 23a, 08:15
Estitxu Suhas urdazubiarra, mozorroturik.

Estitxu SUHAS SANSIÑENA  |  Urdazubiko gaztea

Zortzi bat urte zituenetik etxez-etxe eskean ibiltzen da. «Baden bestarik politenak dira inauteriak». Halaxe aitortu digu Estitxu Suhas Sansiñena urdazubiar gazteak. Agerian utzi du gustuko dituela inauteriak. Herriko bestak baino nahiago dituela ere kontatu digu, «gogo aunitzekin» bizi dituela eta «gazte guziek disfrutatzen» dituztela. Hala, aurten­ ere ez du etxean geldi­tzeko asmorik. 

 

Neskato kozkorra zela hasi zen eskean: «ustez, 8 urterekin hasten ginen, eta hiru taldetan banatzen ginen. Gaur egun, bi talde daude. 8-16 urte bitartekoak eta 16 urterekin helduen taldean sartzen gara. Beraz, urte batzuk eramaki ditut inauterie­tan». Onartu digunez, «giro gehiago» izaten dute base­rrie­tan ibiltzen direnean, «freskoago egoten garelako. Herria egiten dugun egunean hirugarren eguna izaten dugu, aitzineko egunetan egindako bestaren ondorioak somatzen ditugu, eta norma­lean lasaiago ibiltzen gara». Baina giro gehiago ala guttiago izan, hori da Estitxu­ri gehien gustatzen zaiona: «inaute­rietan ­etxez-etxe ibiltzen garela­rik sortzen den giroa eta urte gu­zian ikusten ez dugun jendea­ren egoteko au­kera­ izatea». Bere irudiko, hori «arrunt polita» da eta garbi utzi digu oraindik ez duela eskea uzteko asmorik: «oraino ibili­ko naiz», dio irriz. 

Urte hauetan guztietan mozorro saila jantzi ditu, eta «denak» gustatu zaizkiola erranagatik, bat aukera­tzekotan gan den urtekoa egin du, «geishaz egin ginenekoa». Aurtengo mozorroa­ ez duela prest dio, eta aitortu digunez, «gehienean azken momentukoak izaten gara». Hala­ ere, aurkituko du oraindik zerbait eta besta goizetik hasita, hantxe ibiliko da lagunartean, berak dioen bezala, «gorputzak irauten duen arte».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun