Milaka lagunek parte hartu dute hogoita hamahirugarren Herri Urratsean

Franck Dolosor 2016ko mai. 9a, 08:47
Jendetza bildu da Senpereko aintzira inguruan, Herri Urratsen.

Senperen lortutako irabaziekin, Bernat Etxepare lizeo berriaren alde izanen dira, lehen aldiz lanbide heziketa euskaraz eskaintzeko Iparraldean

Euskalki guziak gaztelania eta frantsesarekin nahasi ziren Senpereko aintziran aurtengo Herri Urratsen karietarat, Euskal Herri osoko lagunek parte hartu baizuten ikastolen aldeko besta haundian. Aurtengo irabaziak Bernat Etxepare lizeo berriaren alde izanen dira eraikin berria altxatuko baitute lehen aldikoz lanbide heziketa euskaraz eskaintzeko Iparraldean. 

 

Bertako erakunde eta sentsibilitate guzietako hautetsiak ere Senpererat joan ziren. Frédérique Espagnac senatari sozialistak jakinarazi zuen hizkuntz legea prestatzen ari direla euskarazko irakaskuntza bermatzeko. Zirriborroa laster aurkeztuko du Parisen. Akitaniako lurralde gobernuak 7 milioi euro emanen dizkio Seaskari Etxepare ikastetxe berria eraikitzeko eta Pirineo Atlantikoetako departamenduko kontseiluak laguntza emanen du laugarren kolegioa idekitzeko Baionan. Akademia ikuskariak jakinarazi zuen laster irakasle euskaldun gehiago hartuko dituztela gero eta ikasle gehiago dabilelako euskarazko ikasgeletan.

Lehen aldikoz, Nafarroako Gobernuko ordezkari batek parte hartu zuen Herri Urratsen. Mikel Arregi Euskarabideako zuzendariak zioen bisita honen ondotik proiektuak lantzeko ordua etorriko dela eta Nafarroako Gobernuak bat egiten duela euskara sustatzen duen ekitaldi guziekin. Hautetsi ainitzek azpimarratu zuten Iparraldean laster sortuko den herr elkargo bakarrak euskara sustatu eta mugaz gaindiko harremanak sendotzeko balio izanen duela.

 

Paxkal Indo, Seaskako presidentea: «Azken taloa ere garrantzitusa da euskararendako Iparraldean»

Paxkal Indo Seaskako presidenteak adierazi zuen lege egokia behar dutela ikastolek gaur egungo arauak oztopoak besterik ez baitira. Laster Iparraldean sortuko den erakunde berriak, ororen gainetik, lehentasuna euskarari eman beharko diola galdetu zuen Indok. Laster 50 urte beteko dira lehen ikastola ireki zela Iparraldean, Arrangoitzen. Orduan nahi izan zen euskara salbatu, baina gaur egun lanerako hizkuntza bilakatuko dute lanbide heziketa sail berriarekin.

Urtean zehar ekintza gehiago antolatzen da: "Euskaraz bizi", Olentzero, edo ihauteriak eta denak garrantzitsuak dira Indoren erranetan, «azken taloa ere garrantzitsua da euskararendako Iparraldean».

 

 

Etengabeko garapena

3.500 ikasle pasa dituzte 34 ikastolatan eta 15 urteen buruan, 6.000 izanen dira. Duela hilabete batzuk Azkaraten zabaldu zuten ikastola berria 14 haurrekin. Gainera, herri horretako eskola bakarra ikastola da ikastetxe publikoa duela mende laurdena itxi baizuten. Basusarrin ere auzapezaren laguntza izan dute ikastola sortzeko. Bertze proiektua dute Bokalen ikastola berria egiteko elkarlanean Calandretarekin, okzitanierazko eskolekin. «Ez gara hetsiak eta ez gara geto batean bizi, hizkuntza guztiak maite ditugulako» dio Paxkal Indok. Pirineo Atlantikoetako departamenduaren mendebaldean zabalduko den lehen Calandreta ikastolen mugimenduak lagunduko du ondorioz.

Herri Urrats egunean, eta urte osoan, jende asko lanean ari da xinaurriak bezala. Euskaltzaleen bateriak kargatzeko balio du besta haundiak Indoren arabera. Berriki zendu diren Bernadette Amorena, Jeanne eta Ernest Etcheverry gogoan izan zituzten Herri Urrats egunean Senpere eta Sara aldeko euskaltzale ainitzek. Hiruek aspalditik parte hartzen zuten bestan, biziki atxikiak baiziren eskuarari

Erlazionatuak

Herri Urrats 2016

Ttipi-Ttapa 2016 mai 09 Xareta   Senpere

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun