Lehen itzulian UMP izan da bozkatuena Senperen eta Azkainen, eta Laborderen taldea Saran

Ttipi-Ttapa 2015ko mar. 25a, 09:00
Lehen itzuliko emaitzak.

Departamenduetako bozen lehen itzulia pasatuta, bigarren itzulira begira jarriak dira Ipar Euskal Herrian. Uztaritze-Errobi eta Urdazuri ibarrean sartuak daude Azkaine, Sara eta Senpereko herriak, eta departamentu osoko emaitzak kontuan hartuz, bozen %30,22rekin UMPk eta bozen %18,02rekin EH Baik lortu dute bigarren itzulira pasatzera. Battit Laborde saratarraren independenteak taldea hirugarren indarra izan da, bozen %14,74rekin, eta beraz, bigarren itzulitik kanpo gelditu da. Fronte Nazionala laugarren indarra izan da (%13,71), bosgarren sozialistak eta aliatuak (%13,31), zentrokoak seigarren (%7,96) eta azkenik EAJ-PNB (%2,04).

Herriz herriko datuak kontuan hartuz, Saran Battit Laborde herritarraren independenteak taldea izan da bozkatuena, eta bigarrena EH Bai. Senperen UMP izan da bozkatuena eta EH Bai eta Laborderen independenteak taldea bigarren eta hirugarren gelditu dira, hurrenez hurren. Azkainen ere UMPk lortu du bozik gehien, eta EH Baik gero. Fronte Nazionala izan da hirugarren indarra.

Aipatzekoa da, hiru herrietan abstentzioa altua izan dela. Saran erroldan izena emana zuten 1 961 hautesleetatik 932 abstenitu egin dira, hau da, %47,53koa izan da abstentzioa. Senperen 4 503 hautesleetatik 2 148k abstenitu dira, hau da, %47,70ekoa izan da abstentzioa. Azkainen ere altua izan da abstentzioa: erroldan izena emandako 3 471 hautesleetatik 1 509 abstenitu egin dira, hau da, %43,47.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun