[GUTUNA]: 'Zu barik eztau!'

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 5a, 10:00

Gazteei «aktibo izateko eta herriko gaztetxe, musika banda, gazte asanblada, festa komisio edota abarretan» parte hartzeko deia egin nahi izan die Imanol Elgezabal-Garmendiak iritzi artikulu honetan. 

Zu gabe ez dago. Astrako leloa. Hemezortzi urte. Hemezortzi urte Gernikako zenbait gaztek herriko arma fabrika abandonatu bat okupatu eta tokia herriarendako izateko aldarrikatu zutenetik. Hemezortzi urte garai haietan gazte izandako belaunaldiaren amets eta proiektu kulturalak gauzatuko zituen eraikina, Astra, biziberritu zenetik. Hemezortzi urte okupazioaren ondorengo belaunaldiek ere gure sorkuntza-interesak gauzatzeko estalpea izango genuenetik. Herriko talde baten kantak zioen eran: «Milaka amets sortuz denok batera, autogestioz aurrera. Pentsamendu askean, modu librean, egin dezagun aurrera».

Zuk, bai, zuk gazte, ez esperatu helduoi zuengatik zerbait egitea. Izan zaitez aktibo, parte hartu herriko gaztetxe, musika banda, gazte asanblada, festa komisio edota abarretan. Sortu rock edo trap taldea, saiatu bertsotan, antzerkian, antolatu kontzertuak, parrandetan txosnetan txandak egin, auzolanean aritu… 

Orain helduak garenok, zuentzako «zaharrok», gure gaztaroa gozatu genuen, izan Gernikako Astran zein Baztandarren Biltzarra elkartean, Lesakako inauterietan zein Berako Kaxerna gaztetxean, Atekabeltzen zein herrietako besta komisioetan. 

Gazte pasibo izatetik gazte aktiborako klika egin genuenean mundu berri bat ireki zitzaigun, berriki Gorka Urbizuren disko berriko letretako pasarte batean dioen «gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude» izaeraz jakitun eta gauzak aldatzen hasi ginelako, akaso izan gazte eta errebelde baitzen garai haietako leloa; baina, garai haietakoa bakarrik ala orain ere baliogarri dena? Aholku bat zahar honen partez: egizu zure Astrako leloa Zu barik eztau!.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun