Beti Gazteko emakumeek irabazi dute Nafarroako launakako sokatira txapelketa pisu astunean

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 22a, 11:00
Beti Gazte txapeldun, Amaiur bigarren eta Txantrea hirugarren, Nafarroako launakako sokatira txapelketako emakumeen 255 kiloko podiumean. Argazkia: Potronko

Amaiur emakumezkoetan eta Beti Gazte gizonezkoetan txapeldunorde izan dira

Nafarroako launakako sokatira txapelketako lehen txapelak banatu zituzten larunbatean Barasoainen. Pisu astunetako bigarren jardunaldia zuten, emakumeak 255 kilokoan eta gizonezkoak 320 kilokoan. Emakumezkoetan Beti Gazte nagusitu zen, Amaiur eta Txantrearen aitzinetik eta gizonezkoetan Berriozar, Beti Gazte eta Txantrearen aitzinetik.

Beti Gazteko emakumeen laukote txapeldunean Irati Agesta sunbildarra, Ainhoa Etxegarai beratarra, Ainhoa Ubiria lesakarra eta Maria Iantzi igantziarra aritu ziren, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile zutela.

Beti Gazteko Irati Agesta, Ainhoa Etxegarai, Ainhoa Ubiria eta Maria Iantzi tiran. Argazkia: Potronko

Beti Gazteko emakumeen laukote txapeldunean Irati Agesta sunbildarra, Ainhoa Etxegarai beratarra, Ainhoa Ubiria lesakarra eta Maria Iantzi igantziarra aritu ziren, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile zutela. Bigarren Amaiur izan zen, hirugarren Txantrea, laugarren Berriozar, bosgarren  Araxes A, seigarren Araxes B eta zazpigarren Antsoain. Gizonezkoetan, podiumera igo ziren Berriozar, Beti Gazte eta Txantrearen gibeletik laugarren izan zen Amaiur.

Gizonezkoen podiumean, Berriozar txapeldun, Beti Gazte bigarren eta Txantrea hirugarren. Argazkia: Potronko

 

Txapelketa mistoa larunbatean Elizondon

Lehen txapelak larunbatean eman dituzte, baina Nafarroako 4x4 sokatira txapelketak segida izanen du ondoko asteetan. Apirilaren 27an Elizondon txapelketa mistoa (280 kilo) jardunaldi bakarrean erabakiko da, larunbatean 17:00etan hasita. Amaiurrek bi laukote eta Beti Gaztek bat paratuko dituzte goma gainean. Araxesek eta Berriozarrek bi laukote eta Antsoainek eta Txantreak bana aurkeztuko dituzte, beraz, bederatzi talde ariko dira lehian. 20 urtez beheitikoek hirugarren eta hondar jardunaldia izanen dute.

Maiatzaren 11n Antsoainen, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 240 kiloko lehen jardunaldiak eta kadeteen lehen jardunaldia (eskualdeko ordezkaririk gabe) jokatuko dituzte. Gizonezkoen pisu arinean Amaiur eta Beti Gaztek talde bana aurkeztuko dute eta Antsoainek, Berriozarrek eta Txantreak bina. Emakumezkoen pisu arinean, Amaiur, Beti Gazte, Antsoain A eta B, Araxes, Berriozar eta Txantrea A eta B ariko dira.

Maiatzaren 18an Txantrean, azkenik, pisu arinetako eta kadeteen bigarren jardunaldi erabakigarria eta finalak izanen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun