Gaur hasi eta maiatzaren 3ra arte aurkezten ahal dira lanak Baztan-Bidasoko XXXVII. Bertsopaper Lehiaketan

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 22a, 09:00
Baztan-Bidasoko bertsopaper lehiaketako iazko saridunak.

Bortzirietako Bertso Eskolak eta Berako Kultur Batzordeak XXXVII. aldiz antolatu dute Baztan-Bidasoko Bertso Paper Lehiaketa. Gaur hasi da lanak bidaltzeko epea, eta heldu den ortziralera arte, maiatzaren 3ra arte bidaltzen ahal dira lanak.

Baztan-Bidasoan bizi diren herritarrek parte hartzen ahal dute lehiaketan eta euskarazko, jatorrizko, argitaratu gabeko eta bertze lehiaketaren batean saritu ez diren bertsoak bakarrik onartuko dituzte. Norberak aukeratu beharko du gaia, doinua eta neurria.

Parte hartzaileak lau kategoriatan banatuko dituzte. 

  • A kategorian, 2013an edo ondotik jaiotako haurrek parte hartuko dute eta guttienez bertso bat edo bi kopla osatu beharko dituzte. Lehenengoak trofeoa eta 50 euroko saria izanen du eta bigarrenak trofeoa eta 30 eurokoa. 
  • B kategorian, 2010etik 2012ra sortutako gazteak sarituko dituzte. Kategoria horretan, guttienez bi bertso edo lau kopla egin beharko dituzte. Sariei dagokionez, lehendabizikoak 100 euro eta trofeoa hartuko ditu, eta bigarrenak trofeoa eta 70 euro. 
  • C kategorian, 2006tik 2009ra jaiotako gazteak sarituko dituzte, eta horiek guttienez lau bertso egin beharko dituzte. Lehendabizikoak 150 euro eta trofeoa hartuko ditu eta bigarrenak 120 euro eta trofeoa. 
  • D kategorian, helduenean, aldiz, 2005ean edo lehenago sortutakoek hartuko dute parte eta guttienez zortzi bertso egin beharko dituzte. 200 euro eta trofeoa hartuko ditu lehendabizikoak eta bigarrenak 150 euro eta trofeoa. 
Nora bidali bertsoak?

Bertsoak bi modutan entregatzen ahalko dira, paperean Berako Kultur Etxera bidalita edo posta elektroniko bidez.  Paperean bidaltzen dituztenek, ondoko helbidera bidali beharko dituzte:

Berako kultur etxea
Baztan-Bidasoko XXXVII. Bertsopaper Lehiaketa
Eztegara pasealekua, 11
31.780 BERA (Nafarroa)

Emailez bidaltzeko aldiz, kultura@bera.eus helbidera bidali behar dira PDF formatuan.Mezuaren gaian ondokoa paratu beharko da: Baztan-Bidasoko XXXVII. Bertsopaper Lehiaketa. Datuei dagokionez,  mezuaren gorputzean horrela agertu behar dira nahitaez: Izen-abizenak, kategoria, adina, bertsoaren izenburua eta telefonoz. PDF artxiboan soilik ondoko datu hauek agertu beharko dira:  izenburua, maila eta bertsoa bera (ezingo dira agertu izen-abizenak).

Sari ematea

Epaimahaia Bortzirietako Bertso Eskolak izendatuko du, eta horren erabakia ezin izanen da gibelera bota. Gainera, sariak hutsik utzi ahal izanen ditu, edo aipamen bereziak eman. Sari banaketa maiatzaren 24an, ortziralea, eginen dute 17:00etan Kultur Etxean eta sarituek beren bertsoak kantatuko dituzte bertan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun