Nafarroako 44. Laxoa Txapelketa asteburu honetan abiatuko da

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 19a, 11:00
Joan den urteko finala Oizen jokatu zuten Doneztebe The Moment eta Arraioz Sagardia taldeek eta doneztebarrak gailendu ziren. Aurtengo finalak Arraiozen jokatuko dituzte. Argazkia: Ondikol

Zortzi talde ariko dira eta finalak Arraiozen jokatuko dira, txikia uztailaren 27an eta handia abuztuaren 3an

Asteburu honetan hasiko da Laxoa Elkarteak berrogeita laugarren urtez antolatutako Nafarroako Laxoa Txapelketa. Urtero gertatzen den bezala, eguraldi onarekin batera, plazara ateratzen dira laxoa txapelketa jokatzera. Aurtengoan, laxoa txapelketako finala Arraiozen jokatuko da da. Formatuari dagokionez, iazko formatua mantenduko da. Hau da, final txikia eta final handia izanen dira. Final txikia uztailaren 27an jokatuko da eta final handia, berriz, abuztuaren 3an, baita hirugarren posturako lehia ere.

Parte hartuko duten taldeei dagokionez, aurtengoan 8 talde izanen dira. Iruritako eta Arraiozko bana, Oizko bi eta Doneztebeko lau. Aipatzeko, aurtengoan 2 talde berri daudela: Doneztebe Menditxuri eta Oiz B.

Denak multzo bakarrean ariko dira, denak denen kontra. Ligaxkako lehen bi sailkatuak zuzenean final handiko finalerdietarako sailkatuko dira. Hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatutakoek final laurdenak jokatuko dituzte, hirugarrenak seigarrenaren kontra eta laugarrenak bosgarrenaren kontra. Final laurden hauetako irabazleek final handiko finalerdietarako sailkatuko dira eta galtzaileak final txikiko finalerdietara, zazpigarren eta zortzigarrenaren kontra.

Taldeak

  • Arraioz Sagardia: Mikel Mindegia, Abi Bengotxea, Ion Gamio eta Miguel Maritorena
  • Irurita Migelene: Xabi Barberena, Iñigo Dendarieta, Oinatz Jauntsarats eta Migel Sagaseta.
  • Oiz A: Ioritz Zelaieta, Iker Bereau, Laurendi Zelaieta eta Ugutz Zelaieta.
  • Oiz B: Xuban Ilarregia, Mikel Mikelarena, Zorion Zelaieta eta Markel Leatxe.
  • Doneztebe Apeztegia: Jon Apeztegia, Ramontxo Etxebeste, Iban Santesteban eta Joseba Juanena.
  • Doneztebe Menditxuri: Goio Mindegia, Eneko Maylin, Asier Arozena eta Javi Apeztegia.
  • Doneztebe The Moment: Julen San Miguel, Pascual Bertiz, Javier Bertiz eta Koldo Legarra.
  • Doneztebe Titi: Eloy Garcia, David Mitxeo, Erik Garcia eta Imanol de Rueda.

Laxoa Elkarteak eskertu nahi izan du hirugarren urtez segidan babesle bezala izanen dituztela Mariezkurrena Eraikuntzak eta Laboral Kutxa.

Lehen jardunaldia

  • Doneztebe Menditxuri – Arraioz Sagardia, larunbatean 10:30ean.
  • Doneztebe The Moment – Oiz A, larunbatean 16:00etan.
  • Doneztebe Titi – Doneztebe Apeztegia, igandean 16:00etan.
  • Irurita Migelene – Oiz B, igandean 17:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun