Zaldua II.a eta Eskudero dira Berria Txapelketako finalerdietara sailkatu den azken bikotea

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 8a, 19:00
Aritz Zubiri izan zen partidako erremontistarik onena, baina ez zen nahikoa izan partida irabazteko.

Arluziaga eta Aritz Zubiri goizuetarra gainditu dituzte 2-1 (15-11, 14-15 eta 8-6) ligaxkako azken partidan, eta finalerdietan Aimar Jabalera doneztebarra eta Goikoetxea VI.a izanen dituzte aurkari

Berria Erremonte Txapelketako finalaurrekoak osatu ziren larunbatean Galarretan ligaxkakako azken partida jokatu eta gero. Zaldua II.ak eta Eskduerok 2-1 (15-11, 14-15 eta 8-6) gainditu zituzten Arluziaga eta Aritz Zubiri goizuetarra, eta finalerdietara sailkatu dira B taldean bigarren bukatu eta gero puntu bakarrarekin. Galtzaileek ere puntu bakarrarekin bukatu dute ligaxka, baina kanporatuak geratu dira euren arteko partida galdu ondotik. Beraz, datorren larunbateko finalerdian Zaldua II.ak eta Eskuderok, Aimar Jabalera doneztebarra eta Goikoetxea VI.a izanen dituzte aurkari. Beste finalerdia jokatuko dute Gurrutxaga-Aiestaran VI.ak, Irazu-Zaldua I.aaren kontra.

Ligaxkako azken partida berdindua izan zen, baina bikote sendoagoa osatu zuten Zalduak eta Eskuderok. Joku erabakigarrian 5-4 galtzen jarri arren Zalduaren lan onak lau eta bateko aldeko partziala izatera eraman zuen bikote urdina (8-6). Lehenengo bi jokoetan ere beraiek eraman zuten ekimena eta bikote sendoagoa izan direla erakutsi dute. Zalduak gidaritza eraman arren, Eskuderok ez zuen akats askorik egin eta horrek eraman zituen garaipenera. Gorrietan Zubiri goizuetarra sendo aritu zen eta partidako erremontistarik onena izan zen, baina aurrean Arluziagak ez zituen tantoak bukatzeko aukerak baliatu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun