Ados Pilota elkartearen eskuz binakako txapelketako finalerdiak erabaki dira asteburuan

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 26a, 20:00
Ados pilota elkarteak bat egin du Korrikarekin asteburu honetan, igandeko Azkoitiko jaialdian erakutsi zutenez. Argazkiak: Edu Agirre

Zabaleta eta Iturriaga leitzarrak apirilaren 7an Labriten eta apirilaren 13an Biarritzen jokatuko diren finalerdietan izanen dira

Ados Pilota elkartearen eskuz binakako pilota txapelketako hiru jardunaldi jokatu dituzte Korrikarekin bat egin duen asteburu honetan eta finalerdietako protagonista izanen diren bikoteak erabaki dira. Eskualdeko pilotariei dagokienez, Leitzako Iturriagak eta Zabaletak lortu dute finalerdietarako txartela. 


Otxandion ostiralean jokatutako lehen mailako partidan, Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Zabalak 22-20 irabazi zieten Ruiz de Infanteri eta Galeanori.

Galeano, Ruiz de Infante, Zabala eta Zabaleta ostiralean Otxandion. Gorriak nagusitu ziren. Argazkia: Edu Agirre

Larunbatean Tafallan jokatutako jaialdiko lehen partidan, Ruiz de Infantek eta Galeanok 22-5 irabazi zieten Barrokal eta Agirreri eta Iturriaga leitzarrak eta Orbegozok 22-20 irabazi zieten Arrietari eta Mujikari

Igandean Azkoitian jokatutako jaialdiko lehen partidan, Barrokalek eta Agirreren ordez aritu zen Irantzu Etxebestek 22-14 irabazi zieten eta Etxekolonea zubietarrari eta Mendibururi. Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Zabalaren ordez aritu zen Oskozek 22-14 irabazi zieten Arrietari eta Mujikari.

Irantzu Etxebeste beratarrak garaipena lortu zuen igandean Azkoitian. Argazkia: Edu Agirre

 

Finalerdiak apirilaren 7an Iruñean eta apirilaren 13an Biarritzen

42 partidako lehen fasearen ondotik, beraz, erabakiak gelditu dira Ados piota elkartearen eskuz binakako txapelketaren finalerdiak. Apirilaren 7an, Iruñeko Labriten, Goiuri Zabaleta leitzarra eta Zabala, Ruiz de Infante eta Galeanoren kontra ariko dira eta apirilaren 13an Biarritzeko Plaza Berrin, Iturriaga leitzarra eta Orbegozo, Barrokal eta Agirreren kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun