Bizitza duinaren aldeko aldarriarekin bat egiteko deia egin du Ernai Malerrekak

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 13a, 18:00

Malerrekako (etxe)bizitza duinen alde... Ateak ideki! Lelo hori duen kanpaina abiatu du Malerrekako Ernaik; argi baitu «Malerrekan ere nabarmen sumatzen dugula etxebizitzaren arazoa». Honela gaineratu du: «Etxebizitza eskubide gisa onartua dagoen arren, berau merkantilizatzeak eta espekulazioan goitirako joera izateak eskubidea baino gehiago batzuendako aukera izatera pasatu da». 

Datu bat ere eman du: «Malerrekako kasuan hamar gaztetatik bederatzik herrian zein eskualdean emantzipatzea desio izan arren, lautik hiruk ez du aukerarik ikusten». Horrekin batera, Malerrekan eta Bertizaranan herriz herri etxebizitza hutsen kopurua zenbatekoa den azaleratu nahi izan du, eskualde mailan «bana bertzekoa % 27,6koa dela» erratearekin batera. «Nafarroan bana bertzekoa % 21,2koa da». 

Etxebizitza hutsak herriz herri:
  • Bertizarana: % 26
  • Sunbilla: % 43
  • Doneztebe: % 35
  • Donamaria: % 18
  • Oiz: % 18
  • Urroz: % 35
  • Beintza-Labaien: % 19
  • Saldias: % 26
  • Eratsun: % 31
  • Ezkurra: % 24
  • Zubieta: % 16
  • Ituren: % 58
  • Elgorriaga: % 10
Gazteei deia

Egoera zein den ikusita hasi du Ernaik etxebizitza duinen aldeko kanpaina. «Etxebizitzaren auzia erdigunean jarri eta arazoa dela» ohartzea nahi du, eta «aldarrikapen eta neurri zehatzak exijitu» ditu: «Ateak ideki!». Bide batez, «gazteei Malerrekako Ernaik eginen dituen ekimenetan parte hartzeko eta etxebizitzaren arazoa eskutik hartzeko» deia egin die. 

Zortzi ardatzetako bat

Etxebizitzarena Ernaik Gazteontzat Bizitza duinak Euskal Herrian liburuxkan aipatu duen zortzi ardatzetako bat da. Eta hori ere oroitarazi nahi izan du Malerrekako Ernaik: «Gazteon osasun mentala erdigunera eramateko beharra, euskal hezkuntza sistema publiko propioa aldarrikatzea, bizitzeko modu berriak sortzea, gazte guziondako lan duina egonkortzea, zaintza sistema publiko komunitarioa eraikitzea, larrialdi klimatikoaren kontra trantsizio ekosozialaren alde egitea, eskubide zibil eta politiko guztiak bermatzea eta etxebizitzaren auzia» dira zortzi ardatz horiek. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun