Martxoak 8 (2024)

«Beti garbi izan dut nire jornala eta nire gauzetarako askatasuna nahi nuela»

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 10a, 07:00

Gurutze AZKARATE IANTZI, Zugarramurdin bizi den aniztarra

«Nik beti garbi izan dut nire soldata izan nahi nuela, ez nuela senarraren bizkar bizi nahi». Halaxe aitortu du Gurutze Azkaratek, eta halaxe egin du.

Gaztetxoa zela Batxilergoa ikasi zuen, «lehenbiziko bi urteak herrian egin nituen eta gero, kolegiora Zaragozara bidali ninduten lehengusu batekin». Handik Bartzelonara jo zuen: «Ez nuen argi zer egin nahi nuen. Aitak bazituen hiru arreba Bartzelonan moja eta hara joan nintzen, urtea han pasatu nuen». Euskal Herrira bueltan, «Donostiara joan nintzen administrari ikasketak egitera eta hura akituta, Bidarraira, frantsesa lantzeko». Segidan lan mundura salto egin zuen: «Hostal Baztanen udan hamar urtez harreran aritu nintzen eta neguan zazpi urtez Candanchuko hotel batean». Ezkonduta utzi zuen kanpoko lana: «Zugarramurdira ezkondu nintzen eta hasmentan ez nuen lanerako aukerarik ikusi. Gainera, bi haur izan nituen eta lehenbiziko urteak haiekin pasatu nituen».

Berak, ordea, garbi zekien zer nahi zuen: «Gaztetatik garbi nuen nire jornala nahi nuela, eta «Correosen ordezkapenak egiten hasi nintzen. Tarte horretan seme-alabak etxe batean uzten nituen. Ordu batzuetako afera zen». Ez du atzendua garai hartan emazteki batek aurpegiratu ziona: «Kanpora lanera ateratzeko etxeko gauzak aise uzten nituela erran zidan. Hori buruan dut. Zenbat ote dira nire adinean etxetik atera ez direnak».

Bere bidea eginez

Haurrak «lehenbizi Sarara hasi ziren eskolara, gero Senperera kolegiora eta Hazparnera lizeora. Goizetan senarrak eramaten zituen eta nik arratsaldetan hartu, eta lana bilatzeko ez nuen erraza izan». Baina «haurrak koskortzen hasi zirelarik, iparraldean lanean hasi nintzen, eta azken hogei urteak han egin nituen etxeko lanetan. Igual zitzaidan zer lan egin, nire irabaziak nahi nituen». Honela dio: «Garai hartako jendea nahiko matxista zen, baina nik jende matxistari ez diot sekula kasurik egin. Nire gauzak egiteko askatasuna nahi izan dut beti eta ikastaroetara, lagunekin kontzertuetara, bertso saioetara, filmak ikustera... joan izan naiz. Ez dut sekula trabarik sentitu, baina izanda ere, aitzinera egin izanen nuen».

Gaur egun ere orduan bezain aktibo segitzen du: «pintatzea maite dut, musika, kantatzea eta antzerkia ere bai, mendian ibiltzea ere gustuko dut, nahiz eta orain belauneko arazoengatik ezin dudan, eta denaren gainetik irakurtzea dut gustukoena. Euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz leitzen dut». Kontatu digunez, «familiako otorduak eta mahai inguruan egotea ere atsegin dut».

Iparraldean lanean arituta eta Hegoaldean «senarraren gurasoak jubilatutakoan baserriko lanean parte hartuta», bi tokitatik hartzen du pentsioa eta «kontent» da hartzen duenarekin. Baina bere ustez, badira protestarako arrazoiak: «Emaztekiak beti zapatuak izatea ez da onartzen ahal. Borrokan segitu behar dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun