Apezetxea eta Zubiri goizuetarrak eta Jabalera doneztebarra ariko dira Berria txapelketan

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 5a, 07:00
Berttia txapelketa jokatuko duten hamabi erremontistetatik hamaika atzo Andoaingo Martin Ugalde parkean. Aritz Zubiri goizuetarra falta zen.

Eskarmentua eta gaztetasuna duten sei bikotek jokatuko dute larunbatean hasita

Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean aurkeztu zuten atzo Berria Erremonte Txapelketa 2024. Etorkizuneko eta eskarmentu handia duten erremontistek jokatzen dute txapelketa sei bikotetan banatuta. Txapelketa larunbatean, martxoaren 9an, hasiko da eta finala apirilaren 20an jokatuko da. Partida guztiak Galarretan jokatuko dira. Berriki Oriamendi enpresarekin hasi den Aimar Jabalera doneztebarra eta Aritz Zubiri eta Oier Apezetxea goizuetarrak izanen dira eskualdeko ordezkariak txapelketa honetan.

Sei bikoteak bi taldetan banatuko dira eta talde bakoitzeko lehenengo biak sailkatuko dira apirilaren 13an jokatuko diren finalaurrekoetara. Finalerdietako garaileak apirilaren 20an neurtuko dituzte indarrak finalean.

A taldeko hiru bikoteak ondorengoak dira: Susperregi eta Oier Apezetxea goizuetarra; Irazu eta Zaldua I; eta Aimar Jabalera doneztebarra eta Goikoetxea VI.a. B taldeko bikoteak dira: Arluziaga eta Aritz Zubiri goizuetarra; Gurrutxaga eta Aiestaran VI.a; eta Zaldua II.a eta Eskudero. 

Susperregi eta Oier Apezetxea goizuetarra.

Ligaxkako partidak martxoaren 9an, martxoaren 16an, martxoaren 22an, martxoaren 29an eta apirilaren 6an jokatuko dira. Sailkapena puntuen bidez osatuko da. Partidak jokoetara izango dira. Lehenengo bi jokoak 15 tantora izango dira eta hirugarren seta edo jokoa, beharrezkoa bada, zortzi tantora jokatuko da. 

Lehenengo bi set-ak irabazita (2-0) lau puntu bilduko dira. Partida 2-1 amaitzen bada irabazleak bi puntu izango ditu eta galtzaileak bakarra. 0-2 galduz gero partida ez da punturik batuko eta partidaren amaieran 15 tantora iristen ez denak puntu negatiboa izango du. 

 

Martxoaren 9ko ligaxkako lehen partidan Irazu eta Zaldua I.a, Aimar Jabalera eta Goikoetxea VI,aren kontra ariko dira

Ligaxkaren lehenengo jardunaldia larunbata honetan, martxoaren 9an jokatuko dute, 16:30etik aurrera, eta ondorengo bikoteak izanen dira protagonista: Irazu-Zaldua I eta Jabalera-Goikoetxea VI. A talderako baliagarria izanen da.

Jabalerak eta Goikoetxea VI.ak larunbatean jokatuko dute Berria txapelketako lehen partida, Irazuren eta Zaldua I.aren kontra.

Talde bakoitzeko lehenengo bi postuetan geratu diren bikoteak sailkatuko dira finalaurrekoetara. Bi bikoteen artean berdinketa badago, bien arteko partidaren irabazlea sailkatuko da aurretik. Hiru bikoteen arteko berdinketan, partida guztien tanteoak erabakiko du zein sailkatuko den aurretik. 

Apirilaren 13an jokatuko dira bi finalerdiak eta A taldean lehenengo postuan sailkatu den bikotea, B taldeko bigarrenaren aurka lehiatuko da. Bigarren finalerdian B taldeko lehenengoak jokatuko du A taldeko bigarrengoaren aurka. Hauek ere set formatuan jokatuko dira 16:30etatik aurrera hasiko den jaialdian. 

Bi irabazleak apirilaren 20ko final handira sailkatuko dira eta bertan ezagutuko da Berria Erremonte Txapelketa 2024ko txapeldun berria. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun