Bidasoko Bide Berdea sustatzeak eta mantentzeak herrietan sortzen dituen arazoak ezagutu dituzte parlamentariek

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 21a, 11:00
Nafarroako parlamentariak Bidasoaldeko zenbait alkaterekin eta Uraren Bailarak elkarteko teknikariekin, Lesakako udaletxeko atarian.

Doneztebe eta Igantzi arteko zatia bisitatu dute asteartean eta Lesakako Herriko Etxean bilera egin dute «proiektu argia» eta «etengabeko mantentze zerbitzua» eskatu duten alkateekin eta Uraren Bailarak elkarteko teknikariekin

Nafarroako Parlamentuko Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak Bidasoko Bide Berdea bisitatu zuen otsailaren 20an, asteartean, Doneztebetik Igantzira, eta, bukatzeko, bilera bat egin zuen Lesakako herriko etxean, inguruko alkateekin eta Uraren Bailarak elkarteko ordezkariekin, Bileraren helburua, «Bidasoko Bide Berdearen egoera eta dituen mantentze premiak ezagutzea» izan da.

Javier Trigo (UPN), Ibai Crespo (PSN), Mikel Zabaleta (EH Bildu), Itxaso Soto (Geroa Bai), Daniel Lopez (Contigo-Zurekin) eta Emilio Jimenez (Vox) izan ziren Bide Berdea lehen eskutik ezagutzera hurbildu ziren parlamentariak eta hauek harrera egin zieten Bidasoaldeko hainbat alkatek: Arantxa Arregi (Doneztebe), Ladis Satrustegi (Lesaka), Juan Carlos Unanua (Igantzi), Jon Telletxea (Beintza-Labaien), Eva Martin (Elgorriaga), eta Natalia Rekarte. Baztan-Bidasoaldeko 18 udalerri biltzen dituen Uraren Bailarak elkarteko Maxux Goñi eta Irantzu Pastor teknikariak ere bertan izan ziren.

Parlamentariek bisita hasi dute Bideko zati batean zehar ibilaldia eginez, eta esku-hartze handiena behar duten puntuetan gelditu dira. Hala, eguraldi txarrak eta uraren ekintzak bideko hainbat zatitan egiten duten etengabeko narriaduraren lekuko izan dira, inguruko udalen arreta eta baliabideak behar izan dituztenak moldatzeko, harriak erortzeagatik, hegalak irristatzeagatik edo adarrak eta zuhaitzak erortzeagatik.

Bide Berdearen zati bat ikusteko aukera izan dute parlamentariek.

Ondotik, Nafarroako Parlamentuko ordezkaritza inguruko alkateekin eta teknikariekin bildu da Lesakako herriko etxean, eta bertan toki erakunde horiek Parlamentuari Nafarroako Gobernuaren aurrean esku hartzeko egiten dizkioten eskaerak zehatz-mehatz azaldu dituzte. Jarduketa orokorrak belar-sastrakak garbitzeko, arekak garbitzeko eta bide berde honetan noizbehinka eror daitezkeen zuhaitzak kentzeko zerbitzuari lotu beharko litzaizkioke. Hala ere, ez dute nahikoa baliabiderik etengabeko arreta behar duen bide bat kudeatu eta mantentzeko. Izan ere, bide berdea erakarpen turistikoa da, baina baita lurralde honetako baserri eta herrigune txikientzako komunikazio-bidea ere.

Uraren Bailaretako Turismo Teknikariek Maxux Goñi eta Irantzu Pastor Uraren Bailarak elkarteko turismo teknikariek adierazi dutenez, «partzuergoa osatzen duten 18 herriek Baztan-Bidasoaldea sustatzeko poltsa ekonomikoa eskaintzen dute, biztanleen, zerbitzuen eta ostatuen arabera. Hala ere, ia ez da deus geratzen ibilbidea mantentzeko erabiltzen duten dirua kendutakoan».

Uraren Bailarak elkarteko Maxux Goñi turismo teknikaria, azalpenak ematen Lesakako udaletxean.

 

Juan Carlos Unanua: «Etengabeko mantentze zerbitzua beharko genuke, errepideetakoa bezalakoa»

Juan Carlos Unanua, Igantziko alkateak aipatu duenez, «ez da udal-kutxetatik kentzen den baliabide ekonomikoen kopurua bakarrik, behar diren laguntzak kudeatzeko erabiltzen den denbora da. Gure herri aunitzek idazkaria partekatzen dute, eta ez dago giza baliabide berezirik. Bertzalde, etengabeko mantentze-zerbitzua beharko genuke, Nafarroako Gobernuak errepideetan duen bezalakoa».

 

Ladis Satrustegi: «Proiektu argi bat gabe, beti hor dago bidea ixtearen mehatxua»

Ildo horretatik, Ladis Satrustegi Lesakako alkateak nabarmendu duenez, «herri aunitzek ezin dute behar den dirua aurreratu eskatutako diru-laguntza hartu arte. Bide berdea buruhauste bihurtzen da, udal erakundeen eta Nafarroako Gobernuaren laburreko ikuspegiak ez duelako inprobisatutako neurriak gainditzen uzten, beti gertaerak konpontzera bideratuak. Luzerako proiektu argirik gabe, mahai gainean beti dago ixteko mehatxua».

Eragozpen handiak sortzen dituenez, Nafarroako Parlamentuari erregulazio-esparru bat eskatu diote Bidasoaldeko alkate eta teknikariek, «interes publiko eta pribatuak bateratzeko, Bidasoako Bide Berdearen kudeaketa integrala, konpontzeko eta mantentzeko lanak eta haren eraginkortasuna bermatzeko, hura osatzen duten herrietatik kanpo». Era berean, Nafarroako Gobernuari dei egin diote horren guztiaren ardura har dezan, Turismo eta Lurralde Kohesio Departamentuen bitartez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun