Kalitatezko zigilua eta Bikaintasunaren zigilua berritu dute eskualdeko bortz ikastetxek

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 26a, 12:00

Arantzako Eskolak, Berako Ricardo Barojak, Elizondoko Eskola Publikoak, Lesakako Irain eskolak eta Doneztebeko Eskolak haien ziurtagiriak berritzea lortu dute

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak 33 ikastetxeren kudeaketa goraipatu zuen atzo, Kalitatezko zigiluak eta Bikaintasunaren zigiluak emanez eta berrituz. Tartean, eskualdeko bortz eskolek ere beren ziurtagiriak berritu dituzte: Arantzako Eskolak, Berako Ricardo Barojak, Elizondoko Eskola Publikoak eta Lesakako Irain eskolak Kalitatezko ziurtagiria eta Doneztebeko Eskolak Bikaintasunaren zigilua.

Ehun lagunetik goiti bildu ziren atzoko ekitaldian Iruñean, eskola horiek egindako lanari ikusgarritasuna emateko. Carlos Gimeno kontseilariak eskerrak eman zien ikastetxeetako zuzendari eta arduradunei, «zentroen emaitzak hobetu nahi dituzten kalitatezko kudeaketa sistemak garatzeagatik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun