Euskal Herriko sokatira txapelketako bertze bi txapel jantzi ditu Beti Gaztek asteburuan

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 22a, 09:00

Gizonezkoen 600 kiloko finala irabazi zuen larunbatean Gernikan eta txapelketa mistokoa igandean Ozaetan

Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketan bortz txapel banatu dira dagoeneko eta bortzak Lesakako Beti Gaztek jantzi ditu. Azken biak asteburu honetan: gizonezkoen 600 kilokoa larunbatean Gernikan (Bizkaia) eta txapelketa mistokoa igandean Ozaetan (Araba).

Larunbatean Gernikan jokatutako gizonezkoen 600 kiloko finalean, aitzineko bi jardunaldietan bezala, tiraldi guztiak irabazi zituen Beti Gaztek eta nagusitasunez jantzi zuen txapela. Zortzikote txapeldunean Karmelo Mitxelena, Ander Mitxelena, Mikel Apeztegia, Oskar Telletxea (Igantzi), Beñardo Iantzi, Iñigo Altzugarai, Eneko Saldias eta Gerardo Telletxea aritu ziren tiran, Paskual Taberna entrenatzaile eta Beñat Ordoki laguntzaile zutela.

Beti Gazteren gibeletik, Ezpeletako Ñapurrak eta Zuraide lapurtarrak igo ziren podiumera, Berriozar laugarren izan zen, Ibarra bosgarren eta Amaiur seigarren.

 

Igandean Ozaetan jokatutako txapelketa mistoko finalean ere tiraldi guztiak irabazi zituen Beti Gaztek. Karmelo Mitxelena, Amaia Leiza, Oskar Telletxea, Ane Gurrutxaga, Ainhoa Etxegarai (Bera), Beñat Ordoki, Unai Gurrutxaga eta Maria Iantzi (Igantzi) aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile eta Beñardo Iantzi laguntzaile zutela.

Beti Gazteren gibeletik Berriozar eta Ibarra igo ziren podiumera, laugarren Amaiur izan zen, Txantrea bosgarren eta Abadiño seigarren.

 

Zozketa

Orain arteko bortz txapelak eskuratu ditu Beti Gaztek Euskal Herriko sokatira txapelketan, baina bertze bi jokoan izanen dira oraindik urtarrilaren 27an, larunbatean Pobesen (Araba): emakumeen 500 kiloko finala eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketa, jardunaldi bakarrean. Historian lehen aldiz Euskal Herriko txapel guztien jabe egiteko aukera dauka Beti Gaztek, inoiz ez baitu hori lortu. Ondotik, otsailaren 8tik 11ra Suedian jokatuko den munduko txapelketara joanen dira. Suediako bidaia ordaintzen laguntzeko zozketa ere egin du Beti Gaztek eta hauek dira zenbaki sarituak: Lehen saria, Linddurrenborda sagardotegian bi lagunentzako otordua, 761 zenbakia. Bigarren saria: Otxuneko bi gazta: 715. Urtarrilaren 30a bitarteko epea izanen dute txartel hauen jabeek saria eskuratzeko. Saridunik agertuko ez balitz, ordezko bi zenbaki ere atera dituzte: 951 eta 765.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun