Ezpela kaltetzen duen sitsari kontra egiteko Jarduera Plana onartu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 6a, 10:30
'Cydalima perspectalis' ezpelei eraso egiten dion espezie exotiko inbaditzaile bat da, ezpeldietan kalte ikaragarriak eragin dituena.

Nafarroako Gobernuak berriki onartu du Ezpel-sitsaren (Cydalima) kontrako Jarduera Plana. Helburua da hainbat kontrol-metodoren eraginkortasun potentziala zehaztea eta ezpel-sitsaren efektuak arintzea.

Ezpel-sitsaren arriskuak

Ezpel-sitsa (Cydalima perspectalis) Crambidae familiakoa da (jatorriz Txina, Japonia eta Koreakoa), eta ezpeldien desagertzea ekartzen ahal du defoliazioak denboran hiru urte baino gehiago iraunez gero.

Ezpel-sits hau 2014az geroztik Nafarroan dagoela badakite, eta azkar hedatzen ari dela. Hori dela eta, 2022ko urtarrilean prozesu parte-hartzaile bat ireki zuten, ezpel-sitsaren kontrako ekintza-plan bat adosteko, izurrite inbaditzaile horren kudeaketan parte hartzen duten eragile guztien ahaleginak koordinatzeko.

Horrela, 2022ko martxoaen 2an, eragile horiek guztiek bilera bat egin zuten, ezpel-sitsaren kontrako jarduera-planaren zirriborroa eztabaidatzeko, eta eztabaidaren ondorioak eta alegazioak kontuan hartuta, ezpel-sitsaren kontrako jarduera-plana aurkeztu zuten.

Planaren helburuak

  • Izurritearen hedapenari eta afekzio-mailari buruzko ezagutza handitzea;
  • Nafarroan dauden hainbat eremu klimatikotan Cydalimaren hegaldi-kurba zehaztea;
  • Hainbat kontrol-metodoren eraginkortasuna zehaztea;
  • Izurritea eta gure eskualdean duen portaera hobeki ezagutzea;
  • Ezpel-sitsaren ondorioak eta haren sakabanatzea arintzea;
  • Komunikazio plan bat ezartzea ezpel-sitsaren bilakaerari buruzko informazioa emateko, eta detektatuz gero, prebentzio eta kontrol neurriak ezartzeko;
  • Cydalima perspectalis izurritearen kontrolean esku hartzen duten eragile sozialei eta profesionalei aholkuak eta prestakuntza ematea;
  • Emaitza esperimentalen edo esperientzien zabalkundea kontrol-metodoetan, detekzio-metodoetan, jarraipenean eta abarretan;
  • Cydalima perspectalisaren eraginpean dauden eremuen arteko koordinazioa handitzea (maila nazionala eta europarra), segimendua eta gainerako jarduerak egiteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun