Alkurruntzeko bunkerra ezagutuko dute Solaslagunek ikasturteko hondar saioan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko eka. 13a, 09:56
Alkurruntzeko bunkerra barnetik ikusteko aukera izanen dute Solaslagunek igandean.

Ekainaren 18an Otsondo-Alkurruntz-Otsondo itzulia eginen dute eta ondotik bazkari autogestionatua Otsondon

Solaslaguna ekimenak ikasturteko hondar saioa antolatu du ekainaren 18an. Igandean Otsondo-Alkurruntz-Otsondo ibilaldia eginen dute eta gero bazkari autogestionatua Otsondoko merenderoan.

 

Igande goizeko 10etan Elizondoko plazan izanen dute hitzordua. Zerbait hartu eta autoak antolatuko dituzte Otsondorat joateko. Bortziritarrak 09:30ean geldituko dira Beran Toki Ona institutuko aparkalekuan eta Malerrekakoak 09:45ean Donezteben Bordatxoko aparkalekuan.

Otsondo-Alkurruntz-Otsondo meni ibilaldi lasaia eginen dute gero Solaslagunek, hiru bat orduz. Tartean, Alkurruntzeko bunkerra ezagutuko dute, beraz, esku-argia eta hamaiketakoa eramatea aholkatu dute. Jon Jauregi, Amaiurko Solaslaguna izanen dute ibilbideko gidaria.

Ibilaldiaren ondotik, bazkari autogestionatua eginen dute Otsondoko merenderoan. Bakoitzak etxetik jakiak eraman eta elkar banatuko dute. Eguraldi txarra eginen balu, Amaiurrerat jautsiko dira bazkaltzerat.

Izen emateak Solaslagunaren txokoan egin daitezke, 610920673 telefonoan edo solaslaguna@topagunea.org helbide elektronikoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun