Nolako balorazioa eginen zenukete orain arteko ibilbideaz? Nola begiratzen diozue ekainaren 18ari?
Patxi CASTILLO: Balorazio ona eginen nuke. Gero eta jende gehiago gara, eta giro gehiago ere somatzen da, batez ere herri ttikiagoetan. Beti bada enteratzen ez den jendea, kasu sobera egiten ez duena edo bertze saltsetan ibiltzen dena, baina azken aldian egin ditugun ekimenetan, espero ez genuen jendea mugitu dela ikusi dugu.
Alaitz ESKUDERO: Giza katea, oihalak ehuntzea… Orain erronka berri baten aurrean gaude, eta itxaropentsu gaude. Izan ere, Herri Galdeketa egin ahal izateko sinadura kopurua bikoiztu dugu Mendialdean. Horrek babes zabala dugula erakusten digu, eta beraz, seguru gaude ekainaren 18a egun ahaztezina izanen dela.
P. C.: Gu ere itxaropentsu eta ilusioarekin gaude, baina erronka bat ere bada. Oraindik ere badugu denbora, eta ukitu ez dugun jende horrengana joan behar dugu, bai ekitaldietan eta bai intimitatean ere. Ekainaren 18ra osasuntsuago ailegatzea da erronka.
Sentsibilitate desberdineko herritarrengana iristea duzue helburu. Lortzen ari zarete?
A. E.: Bai, 2014ko giza katean eta oihalak ehuntzeko ekimenetan ere sentitu genuen sentsibilitate desberdinetako jendea hurbildu zela, ezin ikusiak alde batera utzita. Ilusioa ikusi zen, hemen herri bat dagoenaren sentimendua. Orain, sentimendu eta ilusio hori guztia ekainaren 18an hautestontzietan sartzeko ardura hartu dugu. Ekitaldi desberdinen bidez, jendea ekainaren 18ko galdeketaren garrantziaz ohartzen ari da, ilusioa pizten ari da. Dena den, hurrengo hilabeteetako ekimenak izanen dira benetan indarra emanen diotenak herri galdeketari. Beraz, herritarrak gonbidatu nahi ditugu parte hartzera eta erabakitze eskubidearen eztabaida beraien inguruan zabaltzera.
P. C.: Puska batean gu ere lortzen ari gara, herri ttikietan errazago. Baina ez da ailegatzea bakarrik, jendeak kontzientziatu ere egin behar du. Espero ez genuen aunitzek badakite galdeketa bat antolatzen ari garela. Baina jendeak ulertu behar du garrantzitsua dela parte hartzea. Oraindik aunitzek galdetzen dute zertarako balio duen galdeketak. Berez, galdeketa horrek zuzenean ez du eraginen, baina helburu haundiak lortzeko lehenagotik helburu ttiki batzuk lortu behar dira. Eta helburu ttiki batzuk aipatzen hasita, hor dugu Debagoienako kasua. Herri-galdeketaren ondotik, hainbat udalek parte-hartzearen inguruko ordenantza bat berritu dute, eta urteroko aurrekontuaren zati bat herritarrek erabakitzen dute plenotik pasatu gabe, hori delako erabakitzeko eskubidea.
Herritarrek parte hartzea nahi duzue. Berdin dio baiezkoa ala ezezkoa nagusitzeak?
P. C.: Bai, bai, berdin dio. Galdera erabakitzeko prozesuan gaude, baina galdera dena delakoa ere, berdin dio baiezkoak, ezezkoak, zurian bozkatuta, baliogabeak... Helburua garbi dugu: jendeak parte hartzea, solastea eta erabakitzea.
A. E.: Norberak askatasun osoz emanen du bere erantzuna. Helburu nagusia ahalik eta jende gehienak parte hartzea da. Sentsibilitate desberdinetako jendeak herri honen etorkizunaren inguruan hausnarketa egin eta erabakitzeko aukera izan dezala. Baiezko nahiz ezezko bozka ematen duena, erabakitzen ari da, eta horrek gizartea aberastu egiten du. Ez dugu zifra konkreturik helburutzat, prozesua baita gehien inporta zaiguna: erabakitze eskubidearen inguruko eztabaida kalean egotea, jendea aktibatzea… eta Nafarroako milaka herritarrek, lehenengo aldiz, normaltasun osoz eta istilurik gabe, berme guztiekin bozkatzea.
Zergatik bozkatu behar dute herritarrek?
P. C.: Beraien hitza, ahotsa adituarazi nahi badute ez dago bertze modurik, eta modu legala da. Etorkizunean, eta espero dugu etorkizun hurbilean izatea, udaletan, eskualdeka, herrialdetan, estatu mailan, galdeketa lotesle batzuk egitea. Ez da ezinezkoa. Suitzan, lau urtean behin eguneroko gestioaz arduratzeko Gobernua aukeratzen dute. Baina garrantzitsuak diren gaiak herritarrek erabakitzen dituzte boto bidez. Guk ere ez dugu nahi gure etorkizuna guztiz baldintzatuko duten erabakiak herri mailan bortz, zazpi edo hamaika lagunek edo estatu mailan 350 pertsonek erabakitzea. Pisuzko erabakiak herriak hartu behar ditu.
A. E.: Orain arte herritarrok ez dugu gure herriaren etorkizunaz demokratikoki erabakitzeko aukerarik izan, eta gainera, horretarako eskubiderik ez dugula sinestarazi nahi izan digute. Nafarrok historian lehen aldiz izanen dugu gure estatusari buruz erabakitzeko aukera
, eta hiru eskualde handi izanen gara aitzindari. Horrek duen balioaz ohartu behar dugu. Gainera, guk erabakitzen ez badugu, beste batzuk eginen dute gure partez.
Zergatik da garrantzitsua galdeketa hauek orain egitea?
P. C.: Zenbat eta lehenago hasi galdeketak egiten, orduan eta lehenago hasiko gara guri begira dauden instituzio horiei indarra egiten, eta lehenago aldatuko dira gauzak. Ezin dugu bertze inork guregatik gauzak egiteko esperoan egon, guk egin behar dugu gurea. Ez badugu deus ere egiten, ez da deus ere aldatuko.
A. E.: Momentu historikoa da hau. Alde batetik, Ipar Euskal Herriko hiru probintziak elkarrekin pausoak ematen hasiak dira. Bestetik, Hegoaldeko bi instituzioetan erabakitze eskubidearen aldeko joerak ditugu. Herrien erabakitzeko eskubidearen praktika pil-pilean dago Europan. Zergatik Euskal Herrian ez? Behingoz, Euskal Herriko herri guztiak hasiak gara noranzko berean arraun egiten, hortaz, aukera hau aprobetxatu beharra dago.
Galdeketa eta gero zer?
P. C.: Herri elkarte bezala, Eman Bortzekoa elkarteak segitzeko bidea badu, herritarren hitza adituarazten duen elkartea izanik, orain arteko helburu berdinekin. Horrez gain, ezin dugu ahantzi, gureak izanen direla, Mendialdea, Sakana, Basaburua eta Imotzekin batera, Nafarroako lehenbiziko galdeketak, eta guri begira bertze hainbat nafar egonen direla. Gai izan behar dugu behar dituzten erreminta eta laguntza guztiak emateko, galdeketen olatu honek Nafarroa guztia busti dezan.
A. E.: Anbizioz eta ilusioz lan egiten segituko dugu, izan ere, oraindik galdeketa gehiago iritsiko dira, hiriburuetara adibidez. Horrez gain, ekainean Herritarron Ituna aurkeztuko da: erabakitzeko eskubidearen alde sortzen ari diren forma eta eduki anitzeko adierazpen guztiak bilduko dituen ituna. Itun demokratikoa, gure erakunde eta eragileekin elkarlanean. Erabaki oro herritarron esku jartzea da helburua. Beraz, galdeketak eta gero ere Gure Esku Dagok lanean segiko du.
Zerbait gaineratuko zenukete?
P. C.: Bozkatzeko gonbitea luzatuko nieke herritarrei, zenbat eta jende gehiagok bozkatu, herriarentzat hobe izanen baita. Hau ez da Gure Esku Dagoren helburua bakarrik, ezta aunitzek pentsatzen duten bezala abertzaleen kontua ere. Helburua herriarena da, ezker-eskuin, zahar eta gazte, neska eta mutil, arraza guztikoena... Denok osatzen dugu herria.