Zortzi horien artean egonen da 2017ko Nafarroako txapelduna. Gai-jartzaile eta aurkezle lanetan Alaitz Rekondo eta Fernando Anbustegi ariko dira. Epaileak, Nerea Bruño, Arkaitz Goikoetxea, Izaro Mitxelena, Saioa Mitxelena, Jon Abril eta Mikel Beaumont izanen dira.
Zortzi bertsolarien artean, bakarra da final batean lehen aldiz parte hartuko duena: Xabi Maia. Gainerakoek, eskarmentu handia dute finaletan. Izan ere, hamargarren parte hartzea izango du Julen Zelaietak, zortzigarrena Julio Sotok, bosgarrena Xabier Terrerosek eta Eneko Lazkozek, eta hirugarrena Ander Fuentes ‘Itturrik’, Eneko Fernandezek eta Aimar Karrikak. Finalisten artean txapeldunak izandakoak ere badira: Julio Soto (hirutan) eta Julen Zelaieta (behin).
Gainera, udazkenean abiatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusian ariko diren bortz nafar ordezkariak nortzuk diren zehazteko ere balioko du finalak: lehen bost sailkatuek Txapelketa Nagusian parte hartzeko eskubidea izanen dute.
Sarrerak
18 euroko prezioa dute sarrera arruntek, eta 12 eurokoa 16 urtetik beherakoen eta Bertsozale Elkarteko bazkideen sarrerek. Ondorengo bideetatik eskuratu daitezke.
- www.bertsosarrerak.eus atarian, larunbat goizera arte.
· Ortziralera arte, ondorengo puntu fisikoetan: Iruñeko Karrikiri dendan, Elizondoko Fantxike dendan, Lesakako Okindegian, Leitzako Maimur liburudendan, Etxarri Aranatzeko Xapatero tabernan eta Lizarrako Katxetas tabernan. Larunbatean bertan, Anaitasunako leihatiletan, 11:00etatik 13:30ak arte, eta 15:00etatik 17:00etara.
Anaitasuna Kiroldegiko ateak 16:00etan irekiko dira. Nafarroako Bertsozale Elkarteak denborarekin joateko gomendioa egin du, jende aunitz bilduko delako, eta azken orduan trabarik egon ez dadin.
Txapel jartzailea: Luzia Goñi
Bertsolaritzaren transmisioaren bide luzean, asko dira isilpean lan egiten duten ezinbesteko katebegiak. Horietako bat da aurtengo txapeldunari txapela jarriko diona ere: Luzia Goñi Olias. 1928an jaio zen Aizarotzen, orain 89 urte. Ogibidez sukaldaria, bizi osoan zehar mantendu du bertsogintzarako afizio eta sorkuntza. Ehunka bertso idatzien egile da, eta atzoko eta gaurko askotariko gai eta gertakarien kronika ederrak dira haren lanak. Bere garaiko emakume gehien-gehienen antzera, ordea, plaza publikoan jarduteko aukerarik ez du izan. Luzia Goñiri egindako omenaldi txiki honek, beraz, hamarkadetan zehar bertsogintzaren alde lan isilean aritu diren emakume guztientzako aitortza ere izan nahi du.
Bestalde, transmisio arloan egiten duten lana saritu eta ikusarazi nahian, Nafarroako gaztetxoen eta helduen bertso eskoletako kideak izango dira txapela ez den gainerako sariak emango dituztenak.
Txapelketari buruzko informazioa hainbat bidetatik eskura daiteke.
· Webgunea: http://www.bertsozale.eus/eu/nafarroa/nafarroako-bertsolari-txapelketa
· Sare Sozialak:
- Facebooken, Nafarroako Bertsozale Elkartearen orrialdean.
- Twitterren, NBEren kontuan (@unibertsoa) eta #NBTX17 hashtag-ean.
· Kontaktua: nafarroa.sustapena@bertsozale.eus edo 691261896