Euskaraz Blai 2017 eta Udaleku Ibiltaria aurkeztu dituzte Arantzako Aterpeak eta Beintzako Aterpetxeak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko mar. 20a, 07:05

Arantza eta Beintzako aterpetxeetako ordezkariak, udalekuen zuzendariarekin eman zuten aurtengo edizioaren berri.

Lehen aldiz, 14-17 urtekoek kontrabandako bideetan lotuko dituzte aterpetxeak

Abian da Arantzako Aterpeak eta Beintzako Aterpetxeak antolaturik, eta Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargoaren laguntzaz, gaztetxoen artean euskararen erabilpena suspertzeko Euskaraz Blai 2017 udalekuen kanpaina. Baita aurtengo nobedadea izanen den Udaleku Ibiltariaren kanpaina ere.

 

Julen Egaña Euskarazko Udalekuen Zuzendariak Bertizen martxoaren 17an egindako aurkezpenean azpimarratu zuenez, «helburua euskara aisialdian erabiltzea da. Kezkatuta agertu da, D ereduko matrikulazioa gora egin duen arren, euskararen erabilera kasu aunitzetan eskola eremura mugatzen delako». 

 

Euskaraz Blai 2017-03-17

Aurtengoa VII. edizioa izanen da. Guztira 640 plaza eskainiko dira bi aterpetxeetan banaturik eta adin multzo ezberdinetan antolaturik. 2006-2009 urteetan jaiotako gazteak multzo batean eta 2003-2005 urteetan sortutakoak bertze batean. Aurten gainera uztaileko kanpalekuetan parte hartu nahi dutenek  plaza bermatuta izanen dute.

Kanpalekuen iraupena astebetekoa da eta denbora horretan, haurrek hainbat ekintza eginen dituzte: kobazuloak bisitatu, talo tailerrak, gaubela-joakoak,… dena euskaraz!

 

Udaleku Ibiltaria

Aurten baina badago bertze berrikuntza bat: Kontrabandisten Bidea. Udaleku ibiltaria. 14-17 urteko gazteei zuzendua eta XX. mendean kontrabandoko bideetan barna eginen dena.

Ibilaldian Arritxulo (Oiartzun), Arantzako Aterpea eta Beintzako Aterpetxea elkartuko dira, eta naturarekin lotutako hainbat jarduera ere prestatu dira. Abenturaz, kirolaz, naturaz eta historiaz betetako eskaintza honetarako 80 plaza daude.

 

Euskaraz Blai Udalekuetan zein Udaleku Ibiltarian izena emateko epea zabalik da. Maiatzaren 12ra arte luzatuko da.

+ INFO: www.euskarazblaiudalekuak.com / / Julen Egaña 948 592 323 / 622 728 984

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun