Parte hartze handienarekin dator Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko ots. 6a, 07:27
Nafarroako Bertsolari txapelketaren aurkezpena egin zuten larunbatean Iruñean.

Apirilaren 8an eginen dute finala Iruñean, baina aitzinetik, final laurdenetako saio bat Iruritan (martxoaren 4an) eta finalaurrekoetako bat Beran (martxoaren 18an) eginen dituzte

Inoiz baino bertsolari gehiagok eman dute izena Nafarroako 43. Bertsolari txapelketan; 35 izan dira osotara. Horietatik bederatzik lehen aldiz parte hartuko dute txapelketan; horiekin kanporaketa saio bat egin zen abenduan Iruñean. Kanporaketa horretan lau bertsolarik –Saats Karasatorre (Etxarri Aranatz), Joanes Illarregi (Leitza), Joana Ziganda (Oskotz, Imotz) eta Sahats Aleman (Arika, Berriobeiti)- lortu zuten final-laurdenetarako txartela. Horrenbestez, 30 bertsolariekin abiatuko da final-laurdeneko fasea. Horietatik 16 eskualdekoak izanen dira.

 

Guztira, beraz, hamar saio izango ditu Nafarroako Bertsolari Txapelketak; abenduan egin zen kanporaketarekin batera, otsailaren 18tik apirilaren 8ra bitarte jokatuko diren bost final-laurdenek, hiru finalaurrekoek eta finalak osatuko dute egutegia. Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko da finala, apirilaren 8an.

 

Final laurdenak otsailaren 18tik martxoaren 5era

Lehen final laurdena, otsailaren 18an, 17:30ean ariko dira Tafallan Julio Soto, Kotte Plaza, Iñigo Olaetxea, Iban Garro, Mikel Lasarte eta Sahats Aleman. Otsailaren 19an,17:30ean Auritzen ariko dira Xabier Terreros, Saioa Alkaiza, Alazne Untxalo, Patxi Castillo, Ioar Tainta eta Joana Zigandak. Otsailaren 26an, 17:30ean Lakuntzan ariko dira Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Oier Lakuntza, Iker Gorosterrazu, Joanes Illarregi, Egoitz Gorosterrazu.

Martxoaren 4an, eskualdeari kuku eginen dio txapelketak eta Iruritako Gizarte Bilgunean ariko dira, 17:30etik aitzinera Oskar Estanga, Julen Zelaieta, Amaia Elizagoien, Josu Sanjurjo, Ekaitz Astiz eta Saats Karasatorre. Azken final-laurdena martxoaren 5ean eginen dute Uharten. Eneko Fernandez, Ander Fuentes “Itturri”, Sarai Robles, Xabier Maia, Irati Majuelo eta Oscar Sanz de Acedo ariko dira.

 

Lehen finalaurrekoa Beran martxoaren 18an

Final-laurdenetatik sailkatutako sei bertsolarik martxoaren 18an jokatuko dute lehen finalaurrekoa Berako Kultur Etxean. Bigarren finalaurrekoa martxoaren 19an eginen dute Antsoaingo antzokian eta hirugarrena Agoizko Kultur Etxean martxoaren 26an.  Finalaurrekoetan sailkatutako zortzi bertsolarik jokatuko dute finala apirilaren 8an, 17:00etan Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun