Ederbidea proiektuak tokiko garapena sustatuko du bizikleta bidezko turismo iraunkorraren bitartez

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 18a, 07:39
70 arduradun politiko eta teknikok parte hartu zuten azaroaren 17an Lekunberrin egindako aurkezpenean.

Pirinio Atlantikoetako, Gipuzkoako eta Nafarroako 70 arduradun politiko eta tekniko bildu ziren azaroaren 17an Lekunberrin ekimen hori aurkezteko jardunaldian 

Bizikleta bidezko mugaz gaindiko Ederbidea mugikortasun-proiektua lehen pausoak ematen hasi da jadanik, azaroaren 17an Lekunberrin egindako aurkezpen-jardunaldian ezagutarazi den moduan. Proiektu horrekin, Nafarroa, Gipuzkoa eta Pirinio Atlantikoak modu iraunkorrean lotuko dira, eta bizikletaz egiten diren Europako ibilbide handietan sartzen lagunduko du.

 

Jardunaldian parte hartu dute inplikatutako lurraldeetako administrazio, erakunde eta garapen-entitateetako 70 arduradun politikok eta teknikok. Plazaolako geltoki zaharrean egin da, mugaz gaindiko ekimen honekin sustatuko den bide berdeetako baten egoitzan (utzita dauden tren-azpiegiturak eta zikloturista eta ibiltarientzako ibilbide bihurtu direnak).

Jardunaldian azpimarratu diren gaien artean, honako hau dago: bizikleta bidezko turismo iraunkorrak toki-mailako turismo-garapenari eta hurbileko merkataritzari nahiz zerbitzuei emandako bultzada garrantzitsua.

 

Ederbidea

Ederbidea 2016-2019 eperako Europako lankidetza-proiektu bat da, eta Nafarroa, Gipuzkoa eta Pirinio Atlantikoetako mugaz gaindiko lurraldeetako 12 bazkideek indarrak batzen dituzte bizikletaren erabilera sustatzeko. 9,4 milioi euroko aurrekontuarekin, Europar Batasunak % 65ean kofinantzatzen du EGEFen bitartez (Eskualde Garapeneko Europako Funtsa), Pirinioetako Lan Elkartea kudeatzen duen INTERREG POCTEFA Europako programako babesaren arabera.

Ederbideako bazkideak honako hauek dira: Pirinio Atlantikoetako Departamentua, Nafarroako Gobernua, Gipuzkoako Foru Aldundia, Imotz, Biarritz, Donibane Lohizune, Hendaia eta Irungo Udalak, Sud Pays Basque Aglomerazioaren Komunitatea, Cederna Garalur elkartea, Plazaolako Turismo Partzuergoa eta Baztan Bidasoa Turismo Elkargoa.

 

Proiektuak Nafarroan emandako lehen pausoak

Ederbidea proiektutik sortutako jarduerari esker, Nafarroan bi bide berde lotu ahalko dira: Bidasokoa eta Plazaolakoa, azken hori Iruñeraino heldu dadin. Fase honetan jaso ez arren, behin Nafarroako hiriburura heltzen denean, ibilbidearen jarraipena planifikatu ahalko da Santiago bidearekin.

Bidasoa eta Plazaolako bide berdeak elkartzeko, 42,5 kilometroko bide-zati berri bat eginen da Doneztebe eta Urritzako Benta artean.

Nafarroako lehen jardueren artean, Udalaz gaineko Eragina duen Proiektua egiteko lan teknikoa martxan jarri da dagoeneko.

Aurten ere, enpresa-plana enkargatu da Plazaolako geltoki zaharreko eraikinetarako, Leitzan.

Ederbidearen ezaugarrietako bat toki-eragileak proiektuaren hausnarketan eta eztabaidan parte hartzea da. Alde horretatik, azaroaren 23an eta 24an eta abenduaren 30ean eta 31n herritarrek parte hartzeko jardunaldi batzuk eginen dira Irurtzun eta Donezteben.

 

Aurkezteko jardunaldia

Jardunaldia Lekunberriko alkate eta Plazaolako Turismo Partzuergoko lehendakari Natalia Azconak eta Nafarroako Gobernuko Merkataritza eta Turismoko zuzendari nagusi Maitena Ezkutarik zabaldu dute.

Jardunaldian hainbat gai jorratu dira, esaterako: bizikleta bidezko turismoak duen ahala bide berdeen bitartez edo bizikletaz egiteko ibilbide handiak (Eurovelo, adibidez). Hala, lehen saioan Bide Berdeen Europako Elkarteko zuzendari Mercedes Muñozek hitz egin du eta, harekin batera, European Cyclists Federation eta Bruselako Euroveloko koordinatzaile Jesus Freirek.

Bigarren saioan, motorrik gabeko ibilbideen bidezko lurraldearen dinamizazioaz eta zikloturismoak duen eraginaz aritu dira; Bearnoko Turismoko departamentu-batzordeko Jean de Rivière-k eta Espainiako Trenbideen fundazioko Azterketak eta Komunikazioa-Bide Berde eta Ingurumeneko Kudeatzailetza arloko buru Arantxa Hernandezek hitz egin dute gai horretaz.

Bestalde, Landa Eremuaren Garapena Sustatzeko zuzendariorde Maria Cruz Vegak, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa (MAGRAMA), "bide naturalak" programa aurkeztu du; haren helburua garraioko azpiegitura zaharrak ibiltzeko, bizikletan aritzeko eta zaldian ibiltzeko bideak bihurtzea da herritarrak ingurune naturaleraa hurbiltzearren.

Gainera, Ederbidea proiektuaren ezaugarriak honako hauek aurkeztu dituzte: Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorreko l’Aménagement de l’Equipement et de l’Environnement-eko Zuzendaritzako Sabine Etcheberri-Deyrolles-ek; Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Publikoko zuzendari nagusi Jose Ignacio Pregok eta Nafarroako Gobernuko Merkataritza eta Turismoko zuzendari nagusi Maitena Ezkutarik.

Proiektuak Nafarroako toki-garapenaren sustatzaile modura dituen aukeraz hitz egiten dute, halaber, honako hauen ordezkariek: Cederna-Garalur, Baztan-Bidasoa Turismo Taldea; Imozko Udala, Plazaolako Turismo Partzuergoa eta Nafarroako Gobernua.

 

Bizikleta gaineko garraiorako ahal garrantzitsua

Bizikleta gaineko erabiltzaileen kopuruak gora egin du etengabe azken urteotan, hiriko joan-etorrietan nahiz aisialdikoetan. Turismoko ibilbideetan bizikletaren erabileraren igoera handi horren adibide bat Santiago bidean suma daiteke. Horri gehitu behar zaio Ederbidea proiektuko lurraldeetan bizikletarako zaletasun handia dagoela ikuspegi ludiko edo kirol ikuspegi batetik.

Hori ikus daiteke, halaber, ziklistentzako azpiegituraren eskaera sozial handian, eta Europako garraio iraunkorra garatzeko aukera berriak bizikletan ibiltzeko ibilbide handiekin lotzen dira, Eurovelo ibilbide atlantiko handia, adibidez.

Ederbidea Eurovelo EV1 zatian sartuko zen, beharrezko jarduerak hartzen ditu sare hori osatzeko Endarlatsatik Iruñeraino eta Gipuzkoa-Irurtzungo mugaraino, eta Plazaola nahiz Bidasoko bide berdeak lotuko ziren.

Ibilbidea Nafarroa Atlantikoko eta Erdialdeko Lurraldearen Antolamenduko Planen esparruan sartuta dago dagoeneko eta, gainera, ondorengoa dakar: NA-411, NA-4114 eta NA-4040 errepideak bizikletan ibiltzeko lehentasunezko ibilbide gisa sailkatzea.

Eurovelo zikloturistentzako distantzia luzeko ibilbide-sare bat da, dagoeneko 20.000 kilometro ditu eta 66.000 kilometro izan ditzan aurreikusten da.

Ederbide proiektuaren balio erantsietako bat da Nafarroa, Gipuzkoa eta Pirinio Atlantikoetarako mugikortasun orokorreko estrategia bat sortzen laguntzea, turismoari eta aisialdiari dagokionez, bai eta eguneroko joan-etorriei dagokienez ere. Jarritako helburuen artean, emisio kutsagarriak murriztea dago, zirkulazioa arintzea eta biztanleen osasuna hobetzea.

Ederbidea aukera garrantzitsua da mugikortasunari, ekonomia berdeari eta turismo iraunkorrari lotutako jarduera ekonomikoak garatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun