Aritz Zubiri goizuetarrak lehen aldiz jokatuko du binakako erremonte txapelketa nagusian

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 3a, 07:29
Txapelketan parte hartuko duten bikoteak. Zubiri goizuetarrarekin ariko den Urriza falta da.

Bortz bikote lehiatuko dira azaroaren 3tik aitzinera eta abenduaren 17an jokatuko da finala

Bortz bikote ariko dira binakako 46. erremonte txapelketa ofizialean, joan den urtean Koteto Ezkurra doneztebarrak eta Endika Urrutia saldiastarrak jantzi zuten txapelaren bila: Urriza eta binakako nagusian lehen aldiz ariko den Aritz Zubiri goizuetarra, Ezkurra II eta Ion, Koteto Ezkurra eta Etxeberria III, Segurola eta Barrenetxea IV eta Uterga eta Endika.

 

Bikote guztiek badute binaka txapeldun izandako erremontelariren bat: Ezkurra (1994, 1999, 2006, 2014 eta 2015), Ion (2011, 2013 eta 2014), Etxeberria III (2010) Barrenetxea IV (2012), Urriza (2007, 2008, 2010 eta 2012), Uterga (2013) eta Endika (2015). Zubiri goizuetarrarentzat ez ezik, Segurolarentzat ere lehen binakako txapelketa nagusia izanen da.

Azaroan jokatuko den ligaxka denek denen kontra jokatuko dute eta lau lehenbizikoek lortuko dute finalerdietarako txartela. Finalerdiak abenduaren 3 eta 10ean jokatuko dituzte, multzoko lehenbizikoak laugarrenaren kontra eta bigarrenak hirugarrenaren kontra eta irabazleek finala jokatuko dute abenduaren 17an.

 

Lehen partida azaroaren 3an

Binakako erremonte txapelketa nagusia azaroaren 3an, ortzegun arratsaldeko 4etan Galarretan hasiko den jaialdian jokatuko da. Ezkurra eta Etxeberria III, Segurola eta Barrenetxea IV.aren kontra ariko dira. Jaialdiko bigarren partida izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun