Komertzioetan produktu ekologikoak saltzeko kanpaina abiatu du CPAEN Kontseiluak

Ttipi-Ttapa 2016ko urr. 17a, 10:07
Salmenta puntuak identifikatzeko irudi bat sortu du CPAEN-NNPEK Kontseiluak.

Edozein dendak bat egin dezake ekimenarekin eta horretarako hamar produktu ekologiko eskaintzea aski izanen da

Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak (CPAEN-NNPEK) erosketa ekologikoa erosoago eta hurbilago egiteko kanpaina berri bati eken dio. Gaurgero, 50 saltoki baino gehiagotan topa daitezke produktu ekologikoak, osasungarriak, hurbilak eta jasangarriak, baina kanpaina jonekin, komertzio gehiagok bat egitea nahi dute.

 

CPAEN-NNPEK Kontseiluaren ekimen honekin bat egiteko aski da komertzio horrek guttienez 10 produktu ekologiko eskaintzea. Halere, denda bakoitzaren sailkapena ere eginen du Kontseiluak, Urrezko, Zilarrezko edo Brontzezkoa izanen baita kategoria, salgai dituen produktu ekologikoen kopuruaren arabera.

Salmenta puntu hauek identifikatzeko irudi bat sortu du CPAEN-NNPEK Kontseiluak, alde batetik erosleek jakin dezaten non eros ditzaketen elikagai ekologikoak eta bertzetik, Nafarroan elikagai hauek saltzen dituzten dendei ikusgarritasuna emateko. Gaurgero 57 komertziok bat egin dute ekimenarekin. Horien artean, bi eskualdekoak dira: Leitzako Belarra belar-denda eta Elizondoko On Egin ekodenda.

Isabel Elizalde, Landa Garapen kontseilariak aipatu duenez, “komertzioak Nafarroako nekazaritza produkzio ekologikoarekin bat egitea ekarriko du ekimen berritzaile honek. Etengabeko elkarlana eskatuko du eta hiriaren eta landa eremuaren arteko harremana sendotuko du”.

www.cpaen.org webgune berrian, elikagai ekologikoak saltzen dituzten komertzioak agertuko dira. Aipatzekoa da Nafarroan 1.200 produktore ekologiko sarturik daudela Kontseiluan, horietako aunitz eskualdekoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun