Banakako erremonte txapelketako finalaren atarian geratu da Uterga

Ttipi-Ttapa 2016ko abu. 30a, 10:52
Utergak txapelketako partidarik onenetakoa jokatu zuen, baina Urriza gehiago izan zen.

Urrizak 30-20 irabazi zion finalaurreko partidan

Jabier Urrizak, iaz irabazitako txapelari eusteko aukera izanen du irailaren 10ean jokatuko den finalean. Xanti Uterga doneztebarra mendean hartu zuen abuztuaren 27an Galarreta pilotalekuan eta bera izanen da lehenbiziko finalista. 

Urrizak bertze behin ere neurria hartu zion kantxari,  defentsan gogor eutsiz eta erasoan aurkaria mendean hartuz. Partida hasiera ez zen erosoa izan zen iruindarrarentza, doneztebarrak gogotsu ekin zion partidari, bi paretaren bidez aurkaria ustekabean harrapatu eta tantoa moztuz. 2-5 jarri zen aurretik markagailuan baina argi geratu zen alde hori ez dela sobera aurrez aurre Urriza dagoenean. Utergak egindako huts baten ondotik, 4 eta 5ekoa egin zuen Urrizak eta partida berdintzea lortuta, 6-5 jarri zen aurretik markagailuan.

Partida hasiera gogorra izan zen, pilotakada askokoa, ikusleen gozagarri. 10 eta 8koaren ondotik, aldea handitzen joan zen. Azken emaitzak, 30-20, kantxan bizitakoa ongi biltzen zuen. Utergak txapelketako partidarik onenetakoa jokatu zuen, baina Urriza gehiago izan zen.

Datorren larunbatean jokatuko da finalaurreko bigarren partida eta Ion eta Barrenetxea IV.aren artean banatuko da finalerako azken txartela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun