Bazkide-lagun txartela martxan jarri du Bidazik uda honetan

Ttipi-Ttapa 2016ko uzt. 6a, 06:58
Alkaiagako azokako produktuak erosteko aukera izanen dute bazkide-lagunek ere.

200 bazkidera ailegatzeko helburuarekin, udan erabilgarri izanen da eta gero, bazkidetzeko aukera emanen du sarrera-kuota ordaindu gabe

Bertze gisako produkzioa eta kontsumoa bultzatu nahiean, bizi-kalitate osasuntsu eta jasangarriago bat lortzeko bidean, Bidazi elkartearen proiektuak aitzinerat segi ahal izateko, 200 bazkidera iritsi behar dute. «Horretarako, eta elkarte funtzionamenduan sinesten badugu, bazkideok badugu zer egin», dio Bidaziren oharrak. 2016ko udan, bazkide-lagun txartela jarri dute martxan. 

 

Horrela, bazkide bakoitzari, berak nahi dituen bazkide-lagun txartelak emanen dizkiete, bere inguruko jendeari emateko. Txartel hauekin, bazkide ez direnek ere bazkideek dituzten abantaila guztiak izanen dituzte: bertako produktuen azoka, produktu ekologikoen azoka herritarra eta bidean suertatzen diren ikastaro edo ekintzak. Behin uda pasata, lagun horiek proiektuan sinistu eta bazkidetu nahi badira, sarrera-kuota doan lortzeko aukera izanen dute. Bazkide-lagun txartelak banatzen dituzten bazkideek saski bikain baten zozketan parte hartuko dute eta horretaz gain, Bidazi egitasmoaren berri zabaltzen ere lagunduko dute. Informazio gehiagorako, jo azokara, idatzi info@bidazi.org edo galdetu Bidaziren facebookan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun