Eresoinka taldearen 80. urteurrena gogoratuz erakusketa irekiko dute Saran

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 30a, 08:21
Eresoinka abesbatza duela 80 urte sortu zuten Saran, erbesteratutako kantari eta dantzariek.

Uztailaren 11n eginen da ekitaldi nagusia, omenaldi, hitzaldi, Aurresku, zintzur-bustitze eta afari batekin 

Uztailaren 11n Eresoinkaren, Espainiako gerla zibila denboran osatutako kantu eta dantza talde mixtoaren 80 urteak ospatuko dira Saran.  Ospakizunaren aitzinetik eta ondotik, uztailaren 1etik agorrilaren 31 arte erakusketa irekiko da.

 

Uztailaren 11ko ekitaldia 16:00etan hasiko da Eresoinkako parte hartzaileei harrera ona eta Jose Antonio Aguirreri omenaldia eginez. 16:30ean mintzaldi bat izanen da taldearen historia kondatuko duena Saran osatu zenetik Europan barna egindako ibilaldira arte. 17:00etan Sarako dantzari batek Antton Bastida Eresoinkako txistulariak lagundurik aurresku bat dantzatuko du taldeko kide ohien aitzinean. Ondotik Eresoinkaren zortziko sorkuntza ikusten ahalko da. Eguna zintzur bustitze eta afari baten inguruan bukatuko da.

Bertzalde, uztailaren 1etik agorrilaren 31 arte Lur Berri gelan, Eresoinkari buruzko erakusketa izanen da eta argazkiekin batera garaiko grabaketa batzuk  ere entzuten ahalko dira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun