Belate eta Almandozko tunelen arrisku maila handia salatu dute 31 udalek

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 23a, 07:03
Arrisku handikotzat jo eta urtebete baino gehiago pasatuta inolako neurririk ez dela hartu salatu dute 31 udalek.

2015ean egindako azterketaa batek arrisku handikotzat jo zituen eta urtebete pasa eta gero ez dela zuzentze-neurririk hartu eta 2016an ere ez dela halakorik aurreikusi diote

Nafarroako 31 udalek Belate eta Almandozko tunelen arrisku maila handia eta segurtasun eza salatuz instantzia erregistratu zuten ekainaren 21ean Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako presidente ordetzan, Herrilan zuzendaritza nagusian, Kontserbazio Zerbitzuan eta Bide Segurtasunerako atalean. Hain zuzen, Atarrabia, Burlata, Baztan, Ezkabarte, Olaibar, Odieta, Ultzama, Esteribar, Anue, Lantz, Basaburua, Bertizarana, Doneztebe, Elgorriaga, Zubieta, Ituren, Eratsun, Ezkurra, Saldias, Beintza-Labaien, Oiz, Urroz, Donamaria, Sunbilla, Igantzi, Arantza, Etxalar, Lesaka, Bera, Urdazubi eta Zugarramurdiko udalek sinatu dute idatzia.

 

Idatziak gogoratzen duenez, 2015ean 500 metro baino gehiago dituzten tuneletan egin zen arriskuen azterketan «arrisku handikotzat» jo zituzten Almandoz eta Belatekoak eta behar beharrezkoa zen neurriak hartzea.

Baina urtebete baino gehiago pasa eta gero, «ez tunel hauen segurtasun arduradunak, ezta Nafarroako Gobernuak ere, ez dute inolako neurri zuzentzailerik hartu».  2016an ere ez dago inolako neurririk aurreikusita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun