Hesian taldearen kontzertuarekin abiatuko da Kultur programa eskualdean

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 17a, 07:50

Hesian taldeak irekiko du Kultur 2016 programaren egitaraua eskualdean.

Larunbatean 22:00etan eskainiko dute emanaldia Leitzako plazan eta Peru-Harrin

Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatutako Kultur programak. Ekainaren 17tik irailaren 10era musika, dantza eta arteko 41 emanaldi prestatu ditu. Ortzegun, ortzirale eta larunbat guztietan eginen dira Nafarroako 39 udalerri eta pasaia- edo ondare-mailako toki interesgarritan. Ekainaren 18an, larunbatean 22:00etan Leitzako plazan Hesian taldeak eskainiko duen kontzertua izanen da eskualdeko lehen emanaldia.

Emanaldi honekin Sotuta, larunbat goizeko 11:30ean Peru Harrira bi orduko bixita gidatua proposatu dute. Gehienez ere 15 bisitari onartuko dituzte. Helduek 4 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek 3 euro. Erreserbak 659 701045 telefonoan egin daitezke (Iñaki Perurena) edo peruharri@hotmail.com helbide elektronikoan.

 

Datozen ekitaldiak

Eskualdeko hurrengo ekitaldia uztailaren 7an, San Fermin egunean izanen da Zugarramurdin. Alde batetik, ortzegunean 18:00etan Alduideko Izarrak folk taldeak emanaldia eskainiko du lezeetan. Aitzinetik, 16:00etan, ‘Zugarramurdi zentzumen guztietatik’ ordubeteko bixita gidatua eskainiko dute Zugarramurdiko plazatik abiatuta. Gehienez ere 60 bisitari onartuko dituzte (Prezioa: 3,50 euro helduek eta 2 euro 6-12 urte arteko neska-mutikoek. Edabe magikoa ere dastatuko dute. Aitzinetik erreserba egiteko eta sarrerak hartzeko Sorginen Museora joan behar da (info@zugarramurdi.es edo 948 599004 telefonoa).

Uztailaren 22an, ortziralean, 21:00etan Berako Herriko Etxeko Plazan Animal Blues talde nafarrak kontzertua eskainiko du. Emanaldi honekin loturik, Lesakako Burdinaren Museora bisita gidatua eskainiko dute 12:00etan. Gehienez ere 10 bisitari onartuko dituzte eta ordubeteko bisita izanen da (2 euro). Erreserbak Lesakako Udaleko Kultura eta Turismo Bulegoan egin daiteke (kultura@lesaka.eus edo 948 638007).

Abuztuan sartuta, hilaren 5ean, ortziralean 21:00etan Meeting point dantza garaikide emanaldia eskainiko du Fueradeleje taldeak Elizondoko Foruen Plazan. Honekin loturik, Baztango trilogian oinarritutako bi ordu eta erdiko bisita gidatua eginen dute Elizondon, Foruen Plazan 17:30ean abiatuta. Gehienez ere 40 lagunek parte hartu dezakete eta 10 euro ordaindu beharko da. Erreserbak 670 336232 telefonoan (Beatriz eta Juan Mari) edo visita-elguardianinvisible@hotmail.com helbide elektronikoan.

Abuztuaren 25ean, Donamariko jauregian kontzertua eskainiko du 20:00etan J, J, Q hirukoteak (Josetxo Goia-Aribe saxoarekin, Quique Simon pianoarekin eta Jose Maria Pastor bateria eta perkusioarekin). Emanaldi honekin lotutako bisita gidatua Beintza-Labaiengo gaztainadira eginen dute 18:00etan, Beintzako aterpetik abiatuta 18:00etan. Gehienez 20 lagun eta guttienez 4 bildu beharko dira ateraldia egiteko eta 6 euro ordaindu beharko dute. Erreserbak bezpera bitarte egin daitezke 659 477396 telefonoan (Orbela, Mikel Albisu) edo info@orbela-beintza.com helbide elektronikoan.

 

Lorategi bat lorategian erakusketa Bertizen

Bertizko Jaurerriko Natur Parkeko lorategi historikoan, ‘Lorategi bat lorategian’ erakusketa berezia eginen dute uztailaren 20tik irailaren 4ra, ostoak, adarrak, soinuak eta argazkiak bilduz. Alde batetik, Maite Ortega murtziarrak argazkiak erabiliko ditu, hari, lore, osto edo errekorte bidez aldatu eta bere nortasun propioa emanez. Lorategia eta memoria uztartuko ditu, erakusketa aretoa hartuko duen familia-zuhaitz baten bidez. Mikel R. Nieto donostiarrak, berriz, soinuarekin modu artistikoan egiten du lan, egoera espezifikoak sortuz. Leku bakoitzaren soinu-nortasuna ezagutzea du helburu. Horretarako, grabaketak eginen ditu lorategian eta inguruan, gordean dagoena eta somatzen ez dena agertaraziz. Sormen-prozesuaren bukaeran, lorategi berri bat agertuko da lorategian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun