Gaur egun 130 langile ditu Benito Mennik (Baztanen dagoen enpresarik handiena da) eta 9 delegatuak ELAkoak dira. Sindikatu honek ohar bidez aipatu duenez, «langileen jarduna ez da baloratzen, lau urtez izoztuta utzi ondoren, enpresa solbente eta saneatu honek ez ditu langileen baldintzak hobetu nahi».
Langileek enpresa zuzendaritzari egindako proposamena ez dela bertze munduko deus uste du ELAk: «bi urtetarako hitzarmen bat eskatzen dugu eta bertan, soldaten igoera (%1,5 urte bakoitzerako), lanaldiaren murrizketa (7 ordu urte bakoitzerako), bizitza pertsonala, familiartekoa eta lanaren arteko kontziliaketa hobetzeko hainbat puntu, enplegua egonkortzeko arau batzuk (formazio kontratuak mugatzea, aldi baterako kontratazioak finkotasuna lortzea, subrogazioa, etab.), eskaintzen den zerbitzua ziurtatzeko artikulazioa (gerta daitezkeen bajak, bakanteak, eta abar betetzea), Espainiako gobernuak ezarritako Lan Erreformari aurre egiteko testuak…».
Enpresak berak aurkeztutako datuen arabera, irabazi ekonomiko handiak izan ditu, baina langileek ez omen dute trukean deus ere jaso, «ez soldatetan zuzenean, ezta zeharkako gai batzuetan ere» eta enpresako zuzendaritzarekin negoziazioa ezinezkoa izan daitekeela azpimarratu dute. «Argi eta garbi salatu behar dugu enpresaren utzikeria, langileen eskarienganako entzungokeria eta batez ere langileak pertsona eta langile moduan ez baloratzea», dio Langileen Batzordearen idatziak eta zuzendaritza ez bada mugitzen, «mobilizazioak areagotuko ditugula eta mugiarazi egingo ditugula beraien jarrera feudal eta kapitalistatik».